Elena Odriozolak Urrezko Sagarra saria irabazi du Bratislavan

Actualizado: viernes, 4 septiembre 2015 9:15

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

   Elena Odriozola ilustratzaile donostiarrak Urrezko Sagarra jasoko du arratsalde honetan Bratislavako (Eslovakia) Ilustrazioaren Bienalean, Mary Shelleyren "Frankenstein" libururako sortutako lanagatik (Nordika Libros, 2013). Galtzagorri Elkarteak proposatu zuen lan horren hautagaitza sariketarako, OEPLIren bidez.

   Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez, Bratislavako Biurtekoan nazioarteko ilustratzailerik onenen lanak saritzen dituzte eta saririk garrantzitsuenetarikoa da ilustratzaileen artean. Odriozola Bratislavako Urrezko Sagarra jasotzen duen bigarren euskal ilustratzailea da, Asun Balzolaren ondoren; Balzolak 1985ean jaso zuen, Bernardo Atxagak idatzi eta berak ilustratutako "Txitoen istorioa" (Erein, 1984) liburuari esker.

   Sari banaketa ekitaldia arratsalde honetan izango da, Slovak National Theatre antzokian, 17:00etan, eta bertan izango da artista donostiarra, Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin. Elena Odriozolak aurten Espainiako Ilustrazio Sari Nazionala ere jaso du, bere sortze lanaren "berrikuntzarako gaitasuna" eta "indar narratiboa" direla eta.