Elhuyar Fundazioak ekoizten duen "Teknopolis" saioaren 300. programa emitituko da bihar ETBn

Actualizado: sábado, 2 abril 2011 12:21

BILBO, 2 Abr. (EUROPA PRESS) -

Elhuyar Fundazioak ETBrentzat ekoizten duen zientzia eta teknologiako "Teknopolis" saioaren 300. programa emango da bihar. Saioak 12 urte daramatza ETBko kateetan, eta programa berezi bat prestatu dute egun horretarako, platotik atera baita erredaktore-taldea eta paraje ederretatik grabatutako programa eskaintzeko, sorpresa bat baino gehiagorekin.

Igandero bezala, honako ordutegi honetan ikusiko da "Teknopolis": 10:00etan ETB-2n eta 15:30ean ETB-1en. Asteazkenean, berriz, ETB-3n ikusi ahalko da, 23:00etan. Bestalde, saio guztiak Teknopolisen webgunean daude ikusgai, Elhuyar Fundaziotik jakinarazi dutenez.

300. programaren emisioaz gain, "Teknopolis" saioko familiak badu beste arrazoi bat pozik egoteko, Bioteknologiaren komunikazioaren eta dibulgazioaren Asebio/Genoma España sarietan "Bizitza laborategian ernaltzen denean" izeneko erreportajeari lehen saria eman diotela jakin baitu. Lan horren egileak Nagore Rementeria, Alaitz Ochoa de Eribe eta Beñardo Kortabarria izan dira. Asebio elkarteak eta Genoma España fundazioak sortutako saria da, eta maiatzaren 10ean izango da sari-banaketaren ekitaldia Madrilen.

Denboraldi honetan, Beñardo Kortabarriak zuzentzen du "Teknopolis" programa, eta Oihana Jauregik aurkezten du. Lan-taldea beste kide hauek osatzen dute: Alaitz Ochoa de Eribe, Inma Alvarez, Bego Zubia, Manex Urruzola, Iñaki Leturia eta Nagore Rementeria.

"Teknopolis" egiteko, Elhuyar Fundazioak babesle hauen laguntza jasotzen du gaur egun: Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila; Ikerbasque; Euskal Herriko Unibertsitatea; Mondragon Unibertsitatea; eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa.