Elhuyar Fundazioak Europako zientzia-udalekuen sarea sortu du

Alemanian bildu dira sarea osatu duten erakundeak
ELHUYAR FUNDAZIOA
Actualizado: lunes, 21 enero 2013 17:52

BILBO, 21 Ene. (EUROPA PRESS) -

Elhuyar Fundazioak Europako zientzia-udalekuen sarea sortu du, Europan zientzia-udalekuak antolatzen dituzten beste erakunde batzuekin batera. Sarearen helburua zientzia-udaleku ezberdinak konektatu eta ezagutzak, jardunbide egokiak eta ikerketak konpartitzea da, antolaketa zein eduki mailan.

Scicamps izena hartu duen sarearen partzuergoa honako erakunde hauek osatuko dute: Martin-Luther University (Alermania), Southern Denmark University (Danimarka), Science Talenter (Danimarka), Centre for de Promotion of Science (Serbia), Fundaçao da Juventude (Portugal), Young Scientists of Slovakia (Eslovakia) eta Elhuyar Fundazioa (Euskal Herria).

Elhuyar Fundazioak prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez, urtarrilean elkartu dira lehenengoz erakunde horietako ordezkariak, Alemanian, eta datozen hiru urteetan Europako Batzordeak finantzatuko duen proiektuaren ekintza-plana diseinatu eta adostu dute. Sare honen lanaren ondorioz lortuko diren emaitzak Elhuyarrek antolatzen dituen Zientzia Udalekuetan aplikatuko dira.

Lau urte daramatza Elhuyarrek 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zientzia-udalekuez gozatzeko aukera eskainiz. Zientzia Udalekuak ekimena Elhuyar Fundazioak antolatzen du, Eusko Jaurlaritzak lagunduta. Ekimenaren helburua da zientzia-bokazioak goiz eta modu erakargarrian piztea Euskadiko gazteen artean, gazteengan zientziarekiko jakin-mina eta irudimena piztea eta sustatzea eta aisialdia eta zientzia uztartzea.