Elhuyarrek aro berri bati ekingo dio 2013. urtean

Actualizado: viernes, 15 marzo 2013 15:46

BILBO, 15 Mar. (EUROPA PRESS) -

Elhuyarrek aro berri bat hasiko du 2013. urtean, eta, iaz egindako gogoetaren ondoren, eguneratu egin du bere xedea eta egokitu egin ditu negozio-unitateak Gainera, irudi korporatiboa aldatu du.

Bestalde, azken hamar urteetan Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusi eta lehendakari izandako Itziar Nogerasen eta Jose Mari Rodriguezen ordez, Jose Mari Pitarke Nanoguneko zuzendaria -lehendakari bezala-, eta Leire Cancio -zuzendari nagusi gisa- izango dira Elhuyarren gidari berriak.

Elhuyarrek prentsaurreko bidez aurkeztuko ditu aro berriaren aldaketak eta xehetasunak. Ekitaldia martxoaren 19an izango da, 12:00etan, Elhuyarren egoitza nagusian, Usurbilen (Gipuzkoa). Leire Cancio eta Jose Mari Pitarke izango dira hizlariak.

Jose Maria Pitarke, Elhuyar Fundazioako lehendakari berria, Bilbon jaio zen, 1960an. Zientzia Fisikoetan doktorea da. Fisikan lizentziatu zen 1982an Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta doktoregoa 1990ean eskuratu zuen, EHUn, Pedro Migel Etxenikeren zuzendaritzapean, tunel-espektroskopiaz eta solidoetako elektroi- eta fotoi-emisioaz egindako ikerketa lanarengatik (euskaraz eta ingelesez aurkeztutako lehen tesia izan zen). Ondoren, AEBetako Oak Ridgeko Laborategi Federalean aritu zen, Rufus Ritchieren taldean.

1993an, EHUko irakasle titular bilakatu zen, eta AEBetako zenbait unibertsitatetan nahiz Londresko Imperial College-n seihileko sabatikoak egin zituen. 2000tik, EHUko Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna da. Haren ikerketa-gaien artean, azpimarratzekoak dira materia kondentsatuaren teoria, solidoetako eta nanoegituretako elektroi anitzen elkarrekintza, nanoegituren eta partikula kargatuen arteko elkarrekintza eta nanofotonika. 2005etik, Cambridgeko Unibertsitateko Churchill College-ko ByFellow da.

2006an, nanoGUNE ikerketa-zentroko zuzendari nagusi izendatu zuten, eta, harrezkeroztik, kargu horretan dihardu, unibertsitateko bere eginkizunak alde batera erabat utzi gabe. 2010ean, Graphenea enpresa sortu zuen, eta administrazio-kontseiluko idazkaria da harrezkero.

2012ra arte, 110 artikulu argitaratu ditu fisikako nazioarteko aldizkari espezializatu garrantzitsuenetan, eta nazioarteko konferentzia askotan jardun da, gonbidatu zein hizlari. 2.500 aldiz aipatu izan dira Pitarkeren artikuluak nazioarteko aldizkari espezializatuetan.

Euskalgintzarekiko harremana ere aspaldikoa du. Izan ere, 1981-1987 bitartean, euskara-irakasle izan zen Labayrun, eta, 1984-1987 bitartean, Labayruko Euskara sailaren arduraduna izan zen. UEUrekin ere harreman estua izan du: 1982-1992 bitartean, irakasle izan zen Udako Euskal Unibertsitatean, eta 1990eko hamarraldian UEUko Fisika sailaren arduraduna izan zen.

Bestalde, 1983-2010 bitartean, EGAko Azterketa Batzorde Ofizialeko kide izan da. Euskaltzaindiaren "B" agiriaren jabe da. 1984az geroztik, Fisika irakatsi du -euskaraz- EHUn (Fisika Orokorra, Fisikaren Oinarriak eta Fisika Kuantikoa irakasgaiak).

Euskaraz egindako ikerkuntzaren Azkue Saria irabazi zuen 1990ean; 1991n, berriz, Eusko Ikaskuntzaren Agustin Zumalabe ikerkuntza-beka. Fisikari buruzko hainbat hitzaldiak eman ditu, euskaraz, eta zenbait lan argitaratu ditu euskarazko hedabideetan eta argitaletxeetan: Udako Euskal Unibertsitatean, EHUko 'Ekaia' aldizkarian, Eusko Ikaskuntzan, 'Jakin' aldizkarian, RIEVen eta beste zenbaitetan. Itzulpengintzan ere aritua da.

Elhuyarren, berriz, 20 urtetik gorako lankidetza-harremana du. 1991-2009 bitartean, hainbatetan kolaboratu du Elhuyar aldizkariarekin, eta Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoan ere hartu zuen parte, 2009an; "Nanozientzia eta nanoteknologia" artikulua idatzi zuen, Igor Campillorekin batera.

Elhuyarrek telebistarako egiten duen 'Teknopolis' programan eta Elhuyarrek Euskadi Irratirako egiten duen 'Norteko Ferrokarrilla' irratsaioan ere hartu izan du parte. Horrez gain, CAF-Elhuyar sarietan epaimahaikide izan da 2009an, 2010ean eta 2011n.

LEIRE CANCIO

Bestalde, Leire Cancio, Elhuyar Fundazioko idazkari nagusi berria, Ekonomia eta enpresa-zientzietan lizentziatua da (Deustuko Unibertsitatea), Marketin espezialitatean. Horrez gain, Psikologian Lizentziatua da (UNED) eta kazetaritza ekonomikoan espezialista-ikastaroa egin zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutensean. Kultura-kudeaketako espezialista-ikastaroa ere egin zuen, Bartzelonako UOCen.

2002tik da Elhuyarreko kide, eta 2007tik aurrera marketin-zuzendari lanetan aritu da, Elhuyar Fundazioaren merkatu- eta komunikazio-estrategia lantzen. Basque Research euskal ikerketaren webgunea diseinatzen eta garatzen ere aritu zen.