Elikagai-arriskuei buruzko fitxa tematiko berriak argitaratu ditu Elikak

Elikagaien arriskuei buruzko fitxa berriak egin ditu Elikak
Europa Press
Actualizado: viernes, 1 marzo 2013 14:04

BILBO, 1 Mar. (EUROPA PRESS) -

Elika Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioak fitxa tematiko berriak argitaratu ditu, elika-katean sor daitezkeen arriskuei buruzko informazio laburra emateko. Helburu hori lortzeko, elikagai-arriskuei, animalien gaixotasunei zein pentsuetako substantzia kaltegarriei buruzko informazio teknikoa bildu du fitxen eta infogramen formatuan. Guztira, 61 fitxa tekniko eta 19 infograma egin ditu.

Elikako iturriek jakinarazi dutenez, arriskuak elika-kateko hainbat puntutan gerta daitezke, eta ongi egituratutako planteamendu prebentiboa da metodorik egokiena ahalik eta elikagai-segurtasun handiena bermatzeko.

Horrela, Elikarentzat, komunikazioa da prebentzio-politika horren alde garrantzitsuenetako bat. "Ezinbestekoa da elika-kateko partaide guztien arteko komunikazioa eta koordinazioa hobetzea, eta horretarako beharrezkoa da elikagaien segurtasunaren arloko estrategia orokorra izatea. Estrategia horrek sustatu eta ahalbidetu egin beharko du administrazioen, kontsumitzaileen, lehenengo sektorearen, elikagai-enpresen eta beste alde interesatu batzuen artean informazioa eta iritziak trukatzea", azaldu du.

Fitxa hauetan kontsultatu ahal izango da elika-katean sor daitezkeen kutsatzaile kimikoei buruzko informazioa, besteak beste, epidemiologia, toxikologia, transmisio-bideak, eragina gizaki eta animalietan, eta kontrol- eta prebentzio-neurriak.

Informazioa da arriskuaren kudeaketaren oinarria, eta horretan datza Elikak elikagaien segurtasunaren arloan egindako lanaren garrantzia: batetik, informazioa osatu, bildu eta aztertu; eta bestetik, informazioa balioetsi eta transmititzeko bideak eta sistemak osatu, informazioa alde interesatu guztiei (administrazioak, elikakateko operatzaileak eta gizartea oro har) helarazteko.