Elikagaigintzako euskal enpresak, Lyongo Sirha nazioarteko erakusketan

Asier Arrese (ezkerrean) eta Peli Manterola, Sirha azokan
IREKIA
Actualizado: martes, 24 enero 2017 13:46

   BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

   Sirha Sukaldaritza eta Ostalaritzako Munduko Erakusketaren edizio berria jarri zen abian joan den larunbatean Frantziako Lyon hirian, eta hirugarren aldiz jarraian, elikagaigintza sektoreko euskal enpresak parte hartzen ari dira, taldean, Euskadi-Basque Country pabiloiaren barruan. Azoka asteazkenean bukatuko da.

   Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Conservas Ortiz, Conservas Serrats, Salanort, Angulas Aguinaga, Geltoki, Conservas Olasagasti, Lanbroa Gourmet, Precocinados Gorena, Salica, Mr. Crock eta Lacor enpresak ari dira parte hartzen azokan.

   Euskadi-Basque Country pabiloiaren bitartez, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegiturak Sailak bertako produktuak nazioarteko bihurtzearen aldeko apustuari eutsi nahi dio, "Elikagaien Industriaren Lehiakortasun Planaren helburu estrategikoetako bat" delako.

   Astearte honetan, Peli Manterola Elikagaien Kalitate eta Industrien zuzendaria eta Asier Arrese Hazi Fundazioko zuzendari nagusia buru izan dituen euskal ordezkaritza batek erakusketa eta bertan dauden euskal enpresak bisitatu ditu ere.

   Bertako, estatuko eta nazioarteko merkatuetan euskal elikagaien presentzia eta salmenta areagotzea da Jaurlaritzaren Nekazaritzako Elikagaien Industriarako Lehiakortasun Planaren helburu nagusietako bat, "tokiko eta kalitatezko produktuari lotutako elikagai industria lehiakor eta iraunkorraren garapenean aurrera egiteko eta, horren bidez, industria horren izaera estrategikoa eta Euskadiko lehen sektore osoan duen trakzio zeregina sendotzeko". Hori lortzeko, planak bost estrategia definitu ditu, tartean merkatuen garapena eta sustapena estatuko zein nazioarteko azoketan Euskadiko enpresen presentzia bultzatuz.

   Eskuragarri dauden azken datuen arabera, nekazaritzako elikagaien euskal sektorearen fakturazioa 4.400 milioi eurokoa da urtean, eta esportazioen balioa, gutxi gorabehera, 1.000 milioi eurora hurbiltzen da. Frantzia da euskal nekazaritzaren elikagaien helmugako lehen herrialdea.

   Euskal nekazaritzaren elikagaien sektoreak 14.500 pertsona baino gehiagori ematen die enplegua eta "oso lan garrantzitsua" egiten du lehen sektorea dinamizatzen. Gainera, bi sektoreen arteko mendekotasuna handia da. Horrekin guztiarekin, elikaduraren balio kateak Euskadiko BPGari %9,6 ematen dio.

SIRHA ERAKUSKETA

   Sirha Sukaldaritza eta Ostalaritzako Munduko Erakusketa bi urtean behin egiten den azoka da. "Erreferentea" da ostalaritza arloan, eta sektore ezberdinetako profesionalei zuzenduta dago: nekazaritzako elikagaiak eta edariak, pastelgintza eta okintza, gozokiak, ostalaritzako materialak eta ekipamenduak, teknologiak eta zerbitzuak eta abar. Topaketa profesionalei baino ez dago zuzenduta, eta gastronomiak eta gourmet produktuek "berebiziko garrantzia" hartzen dute.

   Aurreko edizioan 25 herrialde baino gehiagoko 3.045 erakuslek parte hartu zuten, eta 25.000 bisitari jaso zituen. Bisitarien %65 erabakitzeko gaitasuna eta erosteko ahalmena zuten pertsonak izan ziren.

   "Zenbaki horiek agerian uzten dute Eusko Jaurlaritza interesatuta dagoela Euskadiko enpresak Sirhan egotearekin, elikagaien eta edarien esportazioak areagotzeko haientzat oso interesgarria den merkatu batean", nabarmendu dute Jaurlaritzatik.