Elkar Fundazioak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Elkar eta Euskaltzaindiko kideak
Foto: EUSKALTZAINDIA
Actualizado: miércoles, 23 julio 2014 14:53
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

   Elkar Fundazioak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur, uztailak 23, Donostian, Fundazioaren egoitzan. Bi erakundeon arteko elkarlana euskararen eta euskal kulturaren sorkuntzarako, sustapenerako, garapenerako eta zabalkunderako proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da.

   Fundazioaren izenean Jose Mari Sors zuzendari orokorrak sinatu du hitzarmena, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Halaber, ekitaldian izan dira, Elkarren izenean, Xanti Jaka, Jon Jaka, Iker Aranburu eta Ana Garmendia, eta Euskaltzaindiarenean Xarles Videgain, Xabier Kintana, Erramun Osa eta Joseba Zabaleta.

   Besteren artean, hitzarmenak jasotzen du Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia elikatzeko asmoz, Elkar Fundazioak argitaraturiko euskarazko testu multzoa Akademiaren eskuetan jarriko duela.

   Lexikoaren Behatokiaren xedea corpus monitore bat eraikitzea da, lematizatua, etiketatua eta linguistikoki anotatua. Corpus monitoreak etengabe hazten dira, urtero testuak gehituz, hizkuntza denboran zehar nola aldatzen ari den ikusteko. Batez ere hiztegigintzan erabiltzen dira. Hazkunde horretan, testuak jasotzeko garaian, irizpide jakin batzuk erabiltzen dira, garai desberdinetako emaitzak konparagarriak izan daitezen. Egitasmoa Elhuyar, UZEI eta EHUko Informatika Fakultateko IXA Taldearekin garatzen ari da Akademia.

   Horrez gain, hitzarmenaren arabera, Euskaltzaindiak erantzuna emango die Elkarrek eginiko kontsultei, kontsultak euskal lexikografiaz, gramatikaz, onomastikaz, ortografiaz eta euskalkien erabileraren ingurukoak direnean. Iradokizunak direnean, Euskaltzaindiak bideratuko ditu.

   Halaber, bi erakundeak kaleratzen dituzten argitalpenak elkarren artean trukatuko dituzte, eta, era berean, argitalpen egitasmoak partekatuko dituzte. Erakunde biek egoitza nahiz azpiegitura erabiltzeko aukera elkarri eskaintzeko asmoa agertzen dute, adosten dituzten ekintzetan baliatzeko.

   Helburu hauek lortzeko, Elkar Fundazioak eta Euskaltzaindiak Batzorde teknikoa osatuko dute, erakunde bakoitzeko bina kide izango dituena. Hitzarmenak bost urteko iraupena izango du.