Elkargik eta Kutxabankek mikroenpresa, autonomo eta ekintzaileei laguntzeko finantzaketa indartu dute

Ruiz de Gordejuela (ezkerrean) eta Agirre
ELKARGI/KUTXABANK
Actualizado: martes, 9 mayo 2017 13:29

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

Elkargi elkarrekiko berme sozietateak eta Kutxabank finantza taldeak mikroenpresa, autonomo eta ekintzaileei zuzendutako beste finantzaketa linea bat adostu dute, Euskadiko produkzio ehunean duten garrantziaren jakitun. Modu honetan, bi erakundeen artean aurrez ezarritako bestelako finantzaketa formulak osatuko ditu linea berriak.

Akordioa Bilbon sinatu dute astearte honetan Eduardo Ruiz de Gordejuela Kutxabankeko Txikizkako Negozioaren zuzendari nagusi ondokoak eta Pio Agirre Elkargiko zuzendari nagusiak. Bi erakundeak akordioarekin pozik agertu dira, enpresa proiektu berriak abian jartzea sustatu eta indartuko baitu eta aurretik dauden beste enpresa proiektu batzuk sendotuko baititu, inbertsio proiektuetarako gero eta handiagoa den eskariari erantzunez.

Akordioaren xedea da, Elkargik emandako abalen bermearekin, Kutxabankek kudeatzen dituen eragiketetarako lehentasuneko finantzaketa baldintzak ezartzea, mikroenpresek, autonomoek eta ekintzaileek errazago eskuratu dezaten zirkulatzailearen finantzaketako eta inbertsioko proiektuetarako kreditua.

Bi erakundeek jakinarazi dutenez, 200.000tik gora autonomok eta mikroenpresak lan egiten dute Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Autonomo eta mikroenpresa horiek akordio honetan jasotzen diren baldintza orokorrak balia ditzakete, eta, hartara, 150.000 euro arteko maileguak eskuratu ahal izango dituzte gehienez hamar urte arteko itzultze epeekin.

ERANTZUN "AZKAR ETA ARINA"

Baterako finantzaketa linea berriak "azkar eta arin" erantzungo die mikroenpresen, autonomoen eta ekintzaileen finantzaketa eskaerei. Ildo horretan, 40.000 eurotik beherako eragiketetarako aurrebalorazioak gehienez 48 orduko epean egin ahal izango dira.

Ruiz de Gordejuelaren iritziz, Elkargirekin sinatutako akordioaren helburua "argia da". "Kolektibo horien jarduera profesionala bultzatzean eta beharrezko finantzaketa erraztean datza, betiere haien negozio proiektuetan aurrera egin dezaten edo negozio proiektuak hasi ditzaten", gaineratu du.

Halaber, Agirreren hitzetan, "akordio honek agerian uzten du Elkargiren jatorria, enpresek beraiek enpresentzat sortua baita". Bere ustez, "akordioa lagungarria izango da enpresek, autonomoek eta ekintzaileek finantzaketa eskuratzean dituzten zailtasunak gainditzeko".