Elkarte gastronomikoak paritarioak izateko lankidetza prozesu bat sustatuko dute Aldundiak eta Tolosako Udalak

Actualizado: viernes, 22 febrero 2013 13:46
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 22 (EUROPA PRESS)

   Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Tolosako Udalak lankidetza hitzarmena sinatu dute prozesu parte-hartzaile bat martxan jartzeko eta eztabaidarako, hausnarketarako eta herriko eragileen arteko harremana estutzeko aukera emateko. Proiektuaren xede nagusia Tolosako elkarte gastronomikoak gune paritario bilakatzea da. Egitasmoaren baitan elkarte gastronomikoekin hitzartutako plan estrategikoa ageri da, eta horren arabera, elkarteetan emakumeen parte-hartzea ziurtatzen da.

   Ibai Iriarte Tolosako alkateak eta Laura Gomez Aldundiko Berdintasun zuzendariak hitzarmenaren berri eman dute gaur eskainitako prentsaurrekoan. Bertan azpimarratu dute emakumea baztertzen ez duen gizarte baten eraikuntzan zeinen garrantzitsua den erakundeen arteko elkarlana: "Administrazio publikoek gizarte aldaketa parekideak zuzentzeko ardura daukagu".

   Iriartek eskerrak eman dizkio Aldundiari, emandako babesagatik, hitzarmen honen bitartez, 30.000 eurorekin Tolosan aurrera eramango den prozesu parte-hartzailea finantzatuko baitu. Elkarte gastronomikoekin adostutako plan estrategiko bat diseinatzeko prozesu parte-hartzaile bat martxan jartzean datza prozesua. Azken helburua, eremu horietan emakumeen parte-hartzea bermatzea da.

   Era berean, herriko elkarte gastronomiko eta emakumeen elkarteek elkarrekin lan egiteko eremu jasangarriak sortu nahi dira. Hala, Tolosan antolatzen diren jaietan nahiz kultur ekitaldietan emakumeen parte-hartzea sustatuko da.

   Planaren beste helburu nagusietako bat da egun sustatzen diren jai ereduen inguruko hausnarketa parte-hartzailea bultzatzea herritarrekin, bai eta elkarte gastronomikoek herriko bizitza sozialean duten pisua eta emakumeek horietan duten parte-hartzea aztertzea ere.