Elliot Murphyk Andoainen, Mungian eta Bilbon joko du

Elliot Murphy eta Olivier Durand
PRODUCCIONES SERRANO
Actualizado: viernes, 14 enero 2011 15:43

BILBO, 14 Ene. (EUROPA PRESS) -

Elliot Murphy musikariak hiru kontzertuko bira egingo du Euskal Herrian, eta Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero kulturgunean, Mungiako (Bizkaia) Olalde aretoan eta Bilboko BBK Aretoan joko du, gaur, bihar eta etzi, hurrenez hurren. Bilboko kontzertuko sarrerak agortuta daude, Producciones Serrano enpresako iturriek jakinarazi dutenez.

New Yorkekoa izanik Parisen bizi da Elliot Murphy. Musikaren multinazional handienetatik at, askoren ustez rock munduko musikagilerik "grinatsu, jantzi eta azkarrenetakoa da". Musikaren munduan jarraitzaile ditu ugari ditu, besteak beste, Peter Buck (REM), Lou Reed, Tom Petty, John Mellencamp eta Elvis Costello. Bere azken diskoetako batean Bruce Springsteenek ere parte hartu zuen; hain zuzen ere, Springsteenek Parisen jotzen duen bakoitzean Murphy gonbidatzen du eszenatokira igotzera.

1973. urtetik hona, Murphyk 30 disko argitaratu ditu eta kritikoek "erantzun ezin hobea" eman diote guztiei. Gaur egun, Elliott Murphy Parisen bizi da bere emazte Françoise eta bere seme Gaspardekin. Etengabe ari da birak egiten, eta ipuinen bilduma bat eta hainbat hizkuntzatara itzulitako eleberri bat -"Hotza eta Elektrikoa"- ere idatzi ditu. The Velvet Underground-en "69 live" diskoaren azaleko oharrak ere idatzi zituen.

"Literatura nire erlijioa da -esan du Murphyk orain gutxi egindako elkarrizketa batean-, baina mendekotasun batek jota nago: rock and rollak, alegia". Hala ere, bere ibilbide artistikoan ez da dena musika eta literatura izan, 1972an agerraldi laburra egin baitzuen Felliniren "Roma" filman.

OLIVIER DURAND

Olivier Durand musikari frantsesa izango du lagun Murphyk Euskal Herriko agertokietan egingo duen biran. Durand Le Havren (Frantzia)jaio zen. Ingalaterrako kanaleko kostaldean dagoen herri horretan rock'n'roll musikariek tradizio luzea dute. Hain zuzen ere, Le Havre aipatzean "Frantziako Liverpool" ezizena eman izan zaio.

Elliott Murphyrekin elkartu aurretik, Olivier Durand Little Bob Frantziako rock 'n' roll izarrik ospetsuenetariko baten taldeko gitarra-jotzailea izan zen.

Durandek 11 urte daramatza Elliottekin jotzen eta 11 diskotan parte hartu du: "Beauregard", "April", "Rainy Season", "La Terre Commune", "Last Of The Rock Stars... and me and you -live-", "Soul Surfing", "Strings Of The Storm", "Never Say Never", "Murphy Gets Muddy", "Coming Home Again", "Notes From The Underground" eta "Elliott Murphy".