Elurragatiko alerta laranja aktibatu da asteazkenerako EAEn

Elurragatiko alerta laranja asteazkenean
Foto: Europa Press
Actualizado: lunes, 2 febrero 2015 17:42
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak elurragatiko alerta laranja aktibatuko du datorren asteazkenean, otsailaren 4an, goizaldeko 03:00etatik aurrera, egun osorako. Tenperaturak nabarmen jaitsiko dira egun horretan, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

   Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziaren iragarpenen arabera, hainbat frontek zeharkatuko dute Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) eta elurra utziko dute maila baxuetan, batez ere, asteazkenean eta ostegunean. Ipar-ekialdeko egoeren ondorioz, prezipitazioak ugariagoak izango dira Bizkaian eta Arabako mendebaldean, eta hotz handiagoa izango da Gipuzkoan eta Arabako ekialdean.

   Euskalmeten iragarpenaren arabera, Atlantikoko goi presioen eta kontinenteko behe presioen ondorioz, aire polarreko masa iritsiko zaigu, ipar-ekialdeko haizeekin.

   Horrela, astelehen honetan elur maila igo den arren, asteartean, berriz jaitsi eta 300-400 metroen inguruan geratuko da. Gainera, asteazkenean, ostegunean eta ostiralean, baliteke 0-100 metroraino jaistea. Baliteke prezipitazioak nabarmenak izatea asteazkenean eta ostegunean, eta maila baxuetan ere elur moduan egitea; izan ere, zaparradak eta txingorra izango dira, batez ere, EAEko mendebaldean.

   Baliteke prezipitazioak 30 mm-tik gorakoak izatea Kantauri isurialdean, hau da, 5-30 cm arteko elurra egitea maila ertainetan eta altuetan eta 2-15 cm artean maila baxuetan.

TENPERATURA OSO HOTZAK

   Euskalmeten iragarpenaren arabera, tenperaturak oso hotzak izango dira: gehienez 0-5 gradu artekoak kostaldean eta 0 gradukoak barnealdean. Gutxieneko tenperatura 0 gradukoa izango da kostaldean eta 0 eta -5 gradu artekoa barnealdean.

   Astelehen honetako iragarpenaren arabera, baliteke egunik hotzena datorren ostirala izango da: baliteke barnealdean, egun osoan, 0 gradutik beherako tenperatura izatea, eta kostaldean 0 gradu ingurukoa. Hala, baliteke kostaldean tenperatura minimoa 0 gradutik beherakoa izatea, batez ere, Gipuzkoan, eta barnealdean -5 gradu ingurukoa. Mendialdean, tenperaturak baxuagoak izango dira.

   Horrenbestez, izozte nabarmenak izango dira, baita kostaldean ere, batez ere Gipuzkoan. Barnealdean, izozteak ertainak izango dira, eta, mendialdean, gogorrak.

   Azken finean, hurrengo egunetan hotza eta elurra (maila baxuetan) izango dira nagusi, batez ere, asteazkenean, ostegunean eta ostiralean. Asteburuan, tenperatura hotzak eta elur maila baxua izango dira oraindik, baina prezipitazioak ez dira ugariak izango.

GOMENDIOAK

   Iragarpenak ikusirik, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak aire librean jarduerak egin aurretik egoera meteorologikoa kontuan hartzea gomendatzen du, eta Trafiko Zuzendaritzak errepideen egoerari buruz ematen dituen gomendioak jarraitzea. Gogoan izan alerta laranjarekin ez dela gomendatzen mendian hainbat kirol jarduera egitea.

   Eguraldiaren iragarpenak eta abisuak Euskalmeten bidez jarraitzea gomendatzen da (http://www.euskalmet.net). Abisuen kasuan, jarraipena Twitter bidez egitea aholkatzen da (@Euskalmet).