Emakume bat atxilotu dute Gasteizen bikotekideari labana batekin erasotzeagatik

Actualizado: viernes, 4 marzo 2011 12:04

GASTEIZ, 4 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 40 urteko emakumezko bat atxilotu dute gaur goizaldean Gasteizen bikotekideari labana batekin eraso izana leporatuta. Biktima hiriko ospitale batean artatu behar izan dute, eta handik gutxira alta eman diote, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Gaur goizaldeko 2:30ak jota zirenean, Gasteizko Salburuko auzoko etxebizitza batean gizonezko batek arma zuriz eragindako zauriak jasan dituela jakin du Ertzaintzak. Anbulantzia bat eta hainbat patruila, baita Udaltzaingokoak ere, bertaratu dira eta biktimak bularraldean (besapetik hurbil) sukaldeko aizto bat sartuta zuela egiaztatu dute. Osasun-zerbitzuko kideek berehala atera diote labana eta Santiagoko Ospitalera eraman dute.

Bildutako informazioaren arabera, biktimaren bikotekidea izan da erasoaren ustezko egilea. Dirudienez, bien arteko liskar baten ondoren aiztoa sartu dio gizonezkoari. Emakumezkoa etxeko logeletako batean atxilotu dute agenteek.

Datozen orduetan, polizia-izapideak bukatu bezain laster, atxilotua epailearen esku jarriko dute. Zauritutako gizonezkoa bere aldetik, osasun-zentroan artatu eta denbora gutxira alta eman diote.