Emakume bat atxilotu dute Portugaleten, denda batean 700 eurotik gorako balioa zuten produktuak lapurtzeagatik

Actualizado: martes, 29 julio 2014 9:37

BILBO, 29 Jul. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 28 urteko emakumezko bat atxilotu zuten astelehen arratsaldean Portugaleten (Bizkai), ebasketa delitu bat leporatuta. Antza denez, emakumea 640 eurotik gorako lurrinak lapurtzen saiatu zen Ballonti merkataritza guneko denda batean. Gainera, lurrinak zeramatzan poltsan beste denda batean lapurtutako praka batzuk ere bazeuden, ia 80 euroko balioa zutenak.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, astelehen arratsaldeko 19:00ak jota zirela, Ballonti merkataritza guneko segurtasuneko langileen abisu bat jaso zuen Ertzaintzak. Emakume bat harrapatu zutela zioten, saltoki batean 640 eurotik gorako balioa zuten lurrinak lapurtzen saiatzen ari zenean.

Patruila bat bertaratuta, ertzainei jakinarazi zieten susmagarriak ustez lapurtutako lurrinak zeramatzan poltsan begiratzean praka batzuk ere bazeudela ikusi zutela zaintzaileek; ia 80 euroko balioa zuten praka horiek merkataritza gune bateko beste denda batean lapurtu zituen, nonbait. Horrenbestez, ustez lapurtutako produktuek 720 eurotik gorako balioa zuten.

Segurtasuneko langileen informazioa jaso ondoren, ertzainek susmagarria identifikatu zuten -28 urteko emakume bat-, eta handik gutxira atxilotu zuten ebasketa delitu bat egotzita.