Emakunde Michele Bacheletekin bilduko da UN Women erakundearekin lankidetza bideak aztertzeko

Ex presidenta de Chile, Michelle Bachelet
REUTERS
Actualizado: lunes, 28 febrero 2011 15:04

BILBO, 28 Feb. (EUROPA PRESS) -

Emakundeko zuzendari Maria Silvestre eta idazkari nagusi Arantxa Elizondo UN Women erakundeko zuzendaria den Michele Bacheletekin bilduko da asteazkenean Nazio Batuen Erakundearen (NBE) egoitzan. Bileraren helburua bi erakundeen arteko lankidetza bideak aztertzea da, administrazioan genero ikuspegia txertatzeko politikak gai nagusi izanik.

Bilera hau NBEk urtero antolatzen duten Emakumeen Egoerari buruzko Batzordearen bileraren testuinguruan izango da. Aurten 55. edizioa burutuko da otsailaren 22tik martxoaren 4a arte eta gai nagusia honako hau izango da: emakumeen eta nesken partehartzea eta sarbidea hezkuntza, zientzia eta teknologian, eta emakumeen sarbidea lan egoki batera.

Emakundeko ordezkariak asteazkenean bilduko dira Michele Bacheletekin, arratsaldeko 16:00etan. Maria Silvestrek eta Arantxa Elizondok Emakundek administrazioan genero ikuspegia txertatzeko martxan jarri dituen tresnak azalduko dizkiote Bacheleti: gobernuak onartzeko duen araudi guztiaren ebaluazioa, administrazioek berdintasun legea eta berdintasun planak betetzearen ebaluazioa, berdintasunaren inguruko datu eta estatistiken garapena, eta genero ikuspegiko aurrekontuak.

UN Women erakundea 2010eko uztailean sortu zen eta bere helburua emakumearen ahalduntzea eta berdintasuna bultzatzea da. Beste hainbat erakundeen elkartzearen ondorioz sortu zen, baliabideak bateratu eta eragin handiago izateko helburuarekin. Erakunde hauek ziren: Division for the Advancement of Women (DAW); International Research and Training Institute for the Advancement of Women (INSTRAW); Office of the Special Adviser on Gender Issues and Advancement of Women (OSAGI); eta United Nations Development Fund for Women (UNIFEM).