Emakundek 25 urtetan berdintasun politikak bultzatzen egindako lana goraipatu du Urkulluk

Actualizado: miércoles, 6 febrero 2013 13:50

GASTEIZ, 6 Feb. (EUROPA PRESS) -

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Emakunderen egoitza bisitatu du asteazken honetan, bertako langileak zoriontzeko erakundeak aurten 25 urte bete duelako. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendari berriak hartu du lehendakaria, eta Urkulluk Emakundek 25 urtetan berdintasun politikak bultzatzen egindako lana eta lan horri esker eman diren aurrerapauso guztiak goraipatu ditu. Bere esanetan, emakume eta gizonen berdintasunaren lan egitea Jaurlaritzaren lehentasunen artean dago.

Urkulluk Izaskun Landaida zoriondu du eta berdintasunaren alorrean oraindik eman behar diren pausoez hitz egin du. Besteak beste, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako politikak berriz Emakundera bueltatzea "berri ona" dela adierazi du, aurreko Jaurlaritzak Herrizaingo Sailan kokatu baitzuen Genero Indarkeriaren Biktimen Zuzendaritza.

Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren esanetan, "oso zaila da emakumeen kontrako indarkeriaren aurka borrokatzea berdintasun politiketatik bananduta, arazo bat bestearen ondorio baita",

Bestalde, Izaskun Landaidak Emakundek orain artean egindako sakoneko lana azpimarratu du, erakundeak bide bat ireki baitzion gizarte osoari "zerotik hasita ia". Bere esanetan, Emakunde beti etorkizunera begira egon den erakunde bat da eta, zentzu horretan, etorkizunean dituen erronken artean, aipatu du ahalegin berezia egin nahi duela emakumeen kontrako indarkeriaren prebentzioan, bereziki eskoletan ume eta gazteekin egin beharreko lanean, "hezkuntza baita indarkeriaren kontrako tresnarik eraginkorrena".