Emakundek errespetuaren aldeko deia egin eta "Ez beti da ez" mezua gogoratu du, Inauteriak direla eta

Actualizado: lunes, 20 febrero 2017 16:47

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Inauteriaren jaiegunak hurbil daudela eta, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak gogoratu du, eta "alaitasun eta gozamenan eztanda" egiten duten egunak izateaz gain, askotan giza eskubideen kontrako ekintzak ematen diren egunak direla. Hori dela eta, errespetuaren aldeko deia egin du eta "Ez beti da ez" gogorarazi du.

Horrela, Tolosan asteburuan adin txikiko batek salatutako bortxaketa kasua gaitzetsi du eta neska eta familiari babesa adierazi dio. Gainera, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria arratsalde honetan Tolosan egingo den elkarretaratzean izango da.

Emakunderen iritziz, jaietan ere islatu behar da "berdintasunezko gizartearen aldeko borroka, pertsona guztien eskubideak errespetatzen dituen gizartea". "Ez alkohola, ez jaia bera, ezta hasiera batean baimenduak izan daitezkeen harremanak, ez dira aitzaki emakumeen erabakia eta eskubideak une oro ez errespetatzeko, emakumeak sexu objektu gisa tratatzeko, edo zenbait tokitan segurtasun eza edo beldurra sentitzeko", adierazi du.

Horrela, Emakundek azpimarratu du erasorik eta indarkeria sexistarik gabeko jaiak behar ditugula, baita horiek sustatzen dituzten jarrerarik gabekoak ere. Hortaz, "jarrera aktiboa eta sendoa" eskatu du emakumeak errespetatzen ez dituzten edozein adierazpen fisikoren edo hitzezkoren kontra.

Bukatzeko, "Ez beti da ez" mezua gogoratu du, eta harremanak berdintasunean oinarrituak eta bi aldeek une oro eta egoera guztietan onartuak izan daitezen gazteekin lan egitearen garrantzia azpimarratu du.