Energia eredua aztertzeko jardunaldi bat izango da datorren astean Donostian

Actualizado: viernes, 31 octubre 2014 14:18

DONOSTIA, 31 Oct. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Foru Aldundiak IV. Energia Jardunaldiak antolatu ditu azaroaren 4an eta 5ean, Donostiako San Telmo Museoan, eta hiru gai multzo izango dira: Gipuzkoako Aldundiaren kudeaketarekin berarekin lotutako arloak, zahar etxeetan edo kiroldegietan energia eraginkortasuna areagotzeko foru erakundea eta udalak gauzatzen ari diren proiektuak, eta energia ereduarekin lotutako alderdiak.

Horrela jakinarazi du Ainhoa Iraola Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako zuzendariak jardunaldien aurkezpenean. Halaber, Euskal Herrian fracking eta hidrokarburoen erauzketa proiektuak mahai gainean daudela gogorarazi du Iraolak.

"Gipuzkoako Foru Aldundi honek garbi adierazi nahi du fracking eta hidrokarburoen erauzketa proiektuak gaur egungo eredu desarrollistaren jarraipen hutsa direla, ez direla iraunkorrak, eta beraz, energia arloan jarraitu beharreko ereduaren kontrakoak direla", azpimarratu du.

Egitasmo horiek "kezkaz" begiratzen ari direla esan du, eta energia alorrean ere iraunkortasun irizpideak jarraitzea ezinbestekoa dela nabarmendu du. "Ezin dugu orain arte bezala jarraitu: energia berriztagarriak bultzatu eta aurrezpen eta eraginkortasun neurriak ezarri behar ditugu. Hain zuzen, frackinga eta hidrokarburoen erauzketa kontrako norabidean doaz: kontsumismoa bultzatzen dute eta eragin handia dute ingurunean. Horregatik diogu kezkaz begiratzen ari garela azken hilabeteotan ematen ari diren zenbait pauso", azaldu du.