Energia eta jasangarritasunari buruzko hezkuntza-programa bat garatuko dute Eusko Jaurlaritzak eta Naturgasek

Programaren multimedia-erakusketaren protagonistak
NATURGAS ENERGIA
Actualizado: miércoles, 23 marzo 2011 14:59

BILBO, 23 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta Naturgas Energiak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur, ikasleek energiari eta garapen jasangarriari buruz duten ezagutza sendotuko duen programa didaktiko bat martxan jartzeko.

Isabel Celaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak eta Fernando Bergasa Naturgas Energiako kontseilari zuzendari nagusiak sinatu dute hitzarmena.

"Biba gure energia!" dibulgazio-programak irauten duen hiru urteetan, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 150 ikastetxetako 22.500 ikasleren baino gehiagoren energiari eta garapen jasangarriari buruzko ezagutza sendotu nahi dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Naturgas Energiak.

Hitzarmenak bi erakundeen arteko kolaborazio- eta koordinazio-esparru bat ezartzea du helburu, energia berriztagarriei eta garapen jasangarriari buruzko dibulgazio-plan bat garatzeko. Plan horrekin, 6 eta 9 urte arteko Lehen Hezkuntzako ikasleen ohitura eta portaera arduratsuak sendotu nahi dira. "Biba gure energia!" proiektua urtarrilean hasi zen eta, dagoeneko, 3.000 ikaslek parte hartu dute.

Bi erakundeek gizartearekiko konpromisoa dute, eta lehentasunezkotzat jotzen dute energia garbiei buruzko haur-pedagogiako ekintzak garatzea. Programa hori garatzearekin lortzen diren helburuak erlazionatuta daude Dekretu Ofizialetan eta Eskolako Agenda 21ean jasotzen diren curriculum-proposamenekin eta helburu akademikoekin eta oinarrizko gaitasunekin.

Naturgas Energiak garatutako "Biba gure energia!" dibulgazio-proiektuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxeetako 7.500 ikaslek baino gehiagok izango dute energiarekin harremana, modu didaktiko eta dibertigarrian, eta energia bizitzarako ezinbesteko baliabidea dela jakingo dute.

AURTEN 50 IKASTETXE

Aurtengo ikasturtean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 50 ikastetxetan egingo da proiektua. Programatutako jarduerak ikasgeletan egiten dira; jarduera horien bidez, energiara hurbilketa globala egin nahi da ikaslearen gertuko ingurunean, eta, hala, bere eguneroko jarduerak ingurumenean duen eragina ezagutu ahal izango du ikasleak.

Ikastetxe horietako ikasleek gai hauen berri izango dute: elektrizitatea nola sortzen den, zer energia-iturri mota dauden, eta energia-iturri ez-berriztagarriak behar baino gehiago ustiatzeak eta gehiegi kontsumitzeak eragiten dituen ingurumen-arazoak. Halaber, etxean energia aurrezteko aholkuak eta etxean istripuak saihesteko elektrizitatearen erabilera seguruari buruzko aholkuak emango zaie.

Ordubete irauten duen unitate didaktiko bat du ekimenak, taldeka egiten da eta begirale espezializatuek dinamizatutako multimedia-erakusketa batez osatua dago; Lehen Hezkuntzako zikloaren arabera (lehen eta bigarren zikloa) molda daiteke erakusketa.

Gainera, ekimenean parte hartzen duten taldeen irakasleek, jarduera egin aurretik eta ondoren, horri buruzko materiala jasoko dute, hartutako kontzeptuak sendotzen laguntzeko, egokia baderitze. Bestalde, programa gaztelaniaz edo euskaraz egiteko aukera dute ikastetxeek.

Multimedia-erakusketaren bidez, ikasleek "Energia Berriztagarrien Munduak" landuko dituzte, hango biztanleek lagunduta: Nano Solano (eguzkiaren mundua), Vera Ribera (uraren mundua), Lolo Eolo (haizearen mundua), Juan Volcán (mundu geotermikoa) eta Tomas Biomas (biomasaren mundua).

Halaber, eraginkortasun energetikoari buruzko aholkuak jasoko dituzte ikasleek, eta talde bakoitzak ingurumenarekiko konpromisoen dekalogo propioa egin ahal izango du haurren ekarpenekin. Hartutako ezagutzak sendotzeko, saioan landutako energia berriztagarrien munduetako kontzeptuei buruzko galdera-joko bat egingo da taldeka, eta laguntzarako material didaktikoa emango zaie parte-hartzaileei.