Energiaren Euskal Erakundeak 1,4 milioi euro lortu ditu Europar Batzordetik, energia auditoretzak egiteko

Jaurlaritzaren eraikinak aztertuko ditu EEEk
Europa Press
Actualizado: martes, 23 enero 2018 12:11

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) Europar Batzordearen laguntza ekonomikoa jaso du, Eusko Jaurlaritzaren jabetzako eraikinetan energia azterketak eta egiaztapenak egiteko. Laguntza 1.400.000 eurokoa da, eta horri esker, Jaurlaritzaren mendeko sailen eta erakundeen 800 eraikin baino gehiago aztertuko dira. Azterketaren informazio teknikoaren argitan, hobetzeko jarduerak eta aurrezpen zein eraginkortasuneko neurriak proposatu eta hartuko dira.

Azterketak urtarrilean hasi dira, eta eraikin publiko ugariri eragingo diete, esaterako, bigarren mailako hezkuntza zentroei, lanbide heziketakoei, osasun etxeei, Osakidetzaren ospitaleei, Segurtasun Saileko ertzain etxeei, epaitegiei, Lanbideren zentroei eta Eusko Jaurlaritzaren menpeko sailei lotutako eraikin administratiboei, Energiaren Euskal Erakundeak jakinarazi duenez.

ELENA izeneko programaren bitartez eskuratu da diru laguntza. Europar Batzordeak eta Europako Inbertsio Bankuak batera finantzatzen duten programaren xedea da diru funtsak bideratzea laguntza teknikoa eskuratzeko, energia eraginkortasunaren, energia berriztagarrien eta hiri garraio iraunkorraren aldeko proiektuak eta programak abian jartzeari begira.

Energia auditoretzek eraikinen ezaugarriak, instalazio teknikoak eta erabilera aztertzen dituzte, eta, bereziki, energiaren erabilerari lotutako alderdi guztiak, nagusiki, argiztapena, berokuntza eta hozte sistemak eta inguratzaile termikoa. Halaber, eraikin bakoitzaren energia eraginkortasuna hobetzeko eta erregai fosilak ordezkatzeko inbertsioak zehazten dituzte, eta, hartara, erregai horien ordez, energia berriztagarriak erabiltzea, hala nola eguzki energia, trukaketa geotermikoa edo biomasa.

JARDUKETA PLANAK

Auditoretzen emaitzak kontuan izanda, Jaurlaritzaren sail bakoitzean energia iraunkortasunaren aldeko jarduketa planak ezarriko dira. Horien helburua da euskal administrazioan energia iraunkortasuna sustatzea, Eusko Jaurlaritzak 2015eko urrian onartutako iraunkortasunaren aldeko dekretuak ezarritako helburuak betetze aldera.

Izan ere, Jaurlaritzak konpromisoa hartu zuen, 2025. urteari begira, energia kontsumoaren %25 aurrezteko, energia berriztagarriak erabiltzea gutxienez bere eraikinen %40an eta bere ibilgailuetan energia alternatiboei sarbidea ematea.

Abiatutako auditoretza lanen ondoren, bestelako azterlan eta neurri ugari aplikatu dira, Euskadiko sektore publikoak energia kontsumitzeko eran eta moduan erabateko aldaketa ekarriko dutenak. Zehazki, 2015ean onartu zen Energia Iraunkortasunaren Dekretuaren barruan daude ekinbide horiek guztiak, eta haren helburua da %25 energia aurreztea eraikinetan, instalazioetan eta ibilgailuen flotetan 2025erako.

Horretarako, petrolioaren eratorrien erabilera baztertzea proposatzen da, eta, horien ordez, garbiagoak diren energia alternatiboak erabiltzea, baita energia iraunkortasunaren eta aurrezkiaren aldeko neurrien ezarpena orokortzea ere.