Energiaren Euskal Erakundearen Etxetresna Elektrikoen Renove Planak hiru milioiko aurrekontuaren erdia eman du jada

Etxetresna elektrikoak berritzeko EEEren Renove Planak aurrera darrai
EP
Actualizado: miércoles, 4 mayo 2011 17:25

BILBO, 4 May. (EUROPA PRESS) -

Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) kudeatzen duen Etxetresna Elektrikoen Renove Planak aurrekontuaren erdia eman du jadanik. Zehazki, 2011ko ekitaldirako dituen hiru milioi eurotik 1.500.000 euro banatu ditu, egindako 14.400 operazio edo erosketetan. Batez besteko diru-laguntza 97 eurokoa izan da ordezkatutako etxetresnako, eta aurten, gehieneko diru-laguntza 145 euroraino igo da.

EEEko iturriek jakinarazi dutenez, orain arteko datuen arabera, gehien eskatu edo aldatu diren tresnak garbigailuak eta hozkailuak izan dira; bion artean 8.800 inguru. Horien ondoren, gaineko sukaldeak, ontzi-garbigailuak, labeak eta izozkailuak daude; guztira 5.600 erosi dira. Lurraldeka, Bizkaian ordezkatu dira etxetresnen %54, Gipuzkoan %36 eta Araban %10.

Diru-laguntza jaso dezaketen etxetresna elektrikoak A eta A+++ arteko energia-kalifikazioa dutenak dira, tresna motaren arabera, betiere eraginkortasun handiko direla bermatuz. Hain zuzen ere, A+++ kalifikazioa dutenek jasotzen dute diru-laguntzarik handiena (145 euro), eraginkortasun eta aurrezpen maila handiena baitute. Horietaz gain, A++, A+ eta A kalifikazioa duten etxetresnen erosketa ere diruz laguntzen da, diru-laguntza txikiagoa bada ere.

Diru-laguntzak saltokietan, zuzenean, bideratu edo tramitatzen dira, eta ekimen honekin bat egin duten 700 saltokitan baino gehiagotan aukera dago horretarako Euskadi osoan. Diru-laguntza kudeatzeaz gain, etxetresna elektriko saldu, azken prezioari deskontua ezarri, etxean instalatu, zaharra hartu eta dagokion lekura eramateaz ere arduratzen dira saltoki horiek.

Renove Planaren helburua da 30.000 etxetresna inguru ordezkatzea eta horien ordez eraginkortasun handiko tresnak merkaturatzea. Horren ondorioz, urtean 9.012.201 kWh aurreztuko direla kalkulatu da; beste era batera adierazita, aldi horretan 6.500 lagunek etxean kontsumitzen duten energia elektrikoaren baliokidea da energia kantitate hori. Horretarako, hiru milioi euroko aurrekontua esleitu zaio planari, eta indarrean egongo da diru kopuru hori amaitu arte edo gehienez ere uztailaren 31 arte.