Energiaren prezioen ziurgabetasunak zailago egiten du energia-eraginkortasunean inbertitzea

Lanaren egileak
EHU
Actualizado: miércoles, 13 marzo 2013 14:00

BILBO, 13 Mar. (EUROPA PRESS) -

BC3 Klima Aldaketara Euskal Zentroko eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertzaileek garatu duten eredu baten arabera, energiaren prezioaren inguruan dagoen ziurgabetasunak "eragin txarra" du energia-eraginkortasunean egiten diren inbertsioetan. Halaber, ikertzaileek ondorioztatu dute energiaren prezioa igotzeak eta CO2 emisioetarako eskubideak garestitzeak sustatu egingo lituzketela halako inbertsioak. 'Journal of Environmental Management' aldizkari ospetsuan argitaratu dituzte ikertzaileok emaitza horiek.

Energia-eraginkortasuna osagai gero eta garrantzitsuagoa da energia-politikan eta klima-politikan. Energia-eraginkortasuna handitzearen onurak ez dira bakarrik ekonomikoak, ingurumenari ere baitagozkio, gutxitu egiten baitira berotegi-efektuko gasak eta beste kutsatzaile batzuk. "Halako inbertsioak sustatzea eta denboran aurreratzea laguntzeko arduran kokatzen dugu gure lana", azaldu du Luis Maria Abadie doktoreak.

EHUk, Ihobek eta Ikerbasquek sorturiko BC3 Klima Aldaketarako Euskal Zentroko "Research Professor" da Abadie, eta 'Journal of Environmental Management' aldizkarian argitaratutako "Valuing uncertain cash flows from investments that enhance energy efficiency" lanaren lehen egilea.

"Badira teknologia batzuk erraz aplika daitezkeenak, baina askotan, hainbat arrazoirengatik, errentagarri izan litezkeen inbertsioak ez dira egiten", dio Abadiek. Arrazoi horien artean, aipatzekoak dira informazio-eskasia, aurrekontu- eta likidezia-arazoak, eragozpen burokratikoak eta finantzabiderik eza.

Halere, ziurgabetasuna da arazo handienetaka: gauza segurua da inbertsio horiek zenbat kostako diren, baina ez dago jakiterik onurak zenbatekoak izango diren, ezin baita aurretik jakin etorkizunean zer prezio izango diren, adibidez, argindarrarean.

Lan honetan, Luis Maria Abadiek, Jose Manuel Chamorrok eta Mikel Gonzalez-Eguinok aztertu dute nola inbertitu daitekeen energia-eraginkortasunean (edo ez) ikatza erretzen eta CO2 emititzen duen zentral batean. "CO2 sartu dugu, zeren eta gure inguruko energia-kontsumo intentsiboko industriek ordaindu egiten baitute emisio-eskubideengatik", azaldu du Abadiek.

Eraginkortasunean inbertituz gero, zentral elektrikoak ikatz gutxiago kontsumituko luke eta emisio-eskubideetan aurreztuko luke. Gaur egungo parametroetan, emisio-eskubideek ez dute hainbesteko garrantzirik, baina baliteke hori aldatzea etorkizunean: "Oraingoz, behar direnak baino emisio-eskubide gehiago dagoenez, prezioak apalak dira, baina hori alda daiteke erabaki politiko batekin". Nolanahi ere, emisio-eskubideak inbertsio-erabakietan lagundu dezaketen beste osagai bat dira.

HIRU ARRISKU-FAKTORE

Merkatuaren prezio errealetatik abiatuta, ziurgabetasuneko balioespenak egiteko teknikak aplikatu dituzte ikertzaileek, hiru arrisku-faktore aintzat hartuz: inbertsioaren kostua, erregaiaren prezioa eta emisio-eskubideen prezioa. "Lehen aldiz proposatu da halako eredu bat (hiru faktorekoa) energia-eraginkortasuneko inbertsioak balioesteko", esan du Abadiek.

Metodoaren indargunea da zenbatetsi daitekeela zer atalaseren azpitik izango den inbertitzea onuragarri -ziurgabetasuna izanik ere-, merkatuetako kotizazio-prezioekiko koherentzia baten barruan. Kondizioak aldatzen badira (adibidez, arauren bat aldatzen bada, CO2 emisioen baimenen merkatuari eragiten diona), proposatutako metodoaren bitartez analiza daiteke aldaketa, eta kondizio berri horietan inbertitzeko aukera balioetsi.

Lanaren emaitzek erakusten dute ziurgabetasuna gutxitzeak eta energiaren eta emisio-eskubideen prezioa garestitzeak sustatu egiten dutela eraginkortasunean inbertitzea. Lehenagoko lan batean, AEBetan, "ikusi da energiaren prezioa gehien igo den urteetan inbertitu dela gehien energia-eraginkortasunean", zehaztu du Abadiek. Bestalde, emaitzek erakutsi dute halako inbertsioak egiteko ona izan daitekeela subsidio iragankor bat, une jakin batean bakarrik eskura daitekeena.

Hainbat gobernu eta agentzia hasi dira energia-eraginkortasuna beren helburuen artean sartzen. Europar Batasunak, esate baterako, 2020rako %20 igo nahi du eraginkortasuna (2012/27/EB Direktiba, energia-eraginkortasunari buruzkoa). "Horrela, nahitaezkoa izango da energia-eraginkortasunean inbertitzea", gaineratu du Abadiek.

"Are gehiago: Energiaren Nazioarteko Agentziak espero du energia-eraginkortasuneko hobekuntzak izatea faktorerik garrantzitsuenak CO2 emisioak gutxitzeko. Beraz, uste dugu gai giltzarria dela. Eta energia- eta ingurumen-politikak ez badu kontuan hartzen ziurgabetasunaren eragina, errentagarri izango liratekeen hainbat inbertsio ez dira egingo, edo atzeratu egingo dira kondizioak hobetu arte", azaldu du.

LOW CARBON PROGRAMME

Artikulugileak Low Carbon Programme ikerketa-taldekoak dira. Diziplina anitzeko talde bat da hori, EHUko eta BC3ko zenbait ikertzaileek osatua eta Repsolek finantzatua.

Ekonomialariak eta ingeniariak batera ari dira lanean, gainditu egin nahi baitute ohiko bereizketa bat, alde batetik analisi ekonomikoa eta bestetik klima-aldaketari dagokion politikaren diseinua bereizten dituena.

Gaur egun, abiatu dituzte zenbait proiektu: "Lanean ari gara energia eolikoaren gaian, hura ordaintzeko sistemak balioesteko; eta aztertzen ari gara zer balio eta kostu ekonomiko izango duten CO2 harrapatzeko eta biltegiratzeko instalazioek, hori baita etorkizunean urratu nahi den bideetako bat, nahiz eztabaida ere ekar dezakeen".

Horrez gain, Abadie eta Chamorro inbertsio energetikoen balioespenari buruzko liburu batean ari dira lanean, Springer argitaletxearentzat. Liburu horretan, azken lanean erabilitako metodologia deskribatuko dute, eta askoz kasu gehiagori aplikatuko diote.