Enkantera atera da Debabarrena, Urola Erdia eta Urolako kostako garraio publikoaren zerbitzu berriaren esleipena

Actualizado: miércoles, 6 abril 2011 15:41

DONOSTIA, 6 Abr. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Arantza Tapia Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak hala eskaturik, Debabarrena, Urola Erdia eta Urola Kosta eskualdeetako eta horiek Donostiarekin lotzeko herriarteko garraio publikoaren zerbitzua ezartzeko kontratazio txostena onartu du. Orobat, baldintza-orriak onartu ditu eta emakida enkantera ateratzea erabaki du, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuta.

Eneko Goia foru bozeramaileak adierazi du hamar urteko emakida berriaren kontratuaren aurrekontua 75.434.790 euro izango dela. Egun, bi dira zerbitzu hori ematen duten konpainiak, La Guipuzcoana eta EuskoTren. Emakida berriak, enkantera atera ondoren, hamar urteko indarraldia izango du, bost urte luza daitekeena, eta aurreikusita dago 2011ko azken hiru hilabeteetan zehar hastea lanean. Urte bukaera aldera zerbitzua abian jartzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak 987.945 euroko gastua baimendu du.

Goiak gogoratu du enpresa emakidadunak 40 ibilgailu izan beharko dituela (erreserbako %12 barne). Orobat, autopistako zerbitzua ematen duten autobusek ahalik eta eserleku gehien izatea baloratuko da.

Autobusen irudia ere Lurraldebusen korporazio-irudi bateratua izango da eta Lurraldebusen azpiegituraz baliatuko dira, haiek lokalizatzeko eta txartelak emateko nahiz kitatzeko, Txartel Bakarra eta zenbait kolektiboren txartel bereziak erabiliz gero. Gainera, autobusez aldatuta egiten diren bidaiak, Lurraldebus txartelak erabiliz gero, doan izango dira.

19 LINEA

Emakida berriak 19 garraio-linea eskainiko ditu. Hiru gaur egun La Guipuzcoanak eskaintzen dituen lineak dira, Azkoitia-Zarautz eta Donostia, eta beste 16ak, EuskoTrenek kudeatzen dituenak. 2010ean ia hiru milioi bidaiari garraiatu zituzten.

Zerbitzu berriak 177.444 biztanleri eta 24 herriri emango die zerbitzua, Bizkaiko Ermua, Mallabia eta Ondarroa barne. Gipuzkoari dagokionez, lurraldeko %21,4ri eragingo die. Bereziki aipagarriak dira Eibar, Zarautz, Azpeitia eta Azkoitia, 20.000 biztanletik gora dituztenak, eta eskualdeburu direnez garrantzia handia dutenak inguruko udalerrientzat. Jarduera ekonomikoa handia da bertan, Gipuzkoako ekoizpen zentroen %20 hartzen baititu, eta enpleguaren %21.

Emakida egungo egoerari aurre egiteko gai izan beharko da, bai eta zerbitzu egokia emateko gai eta, ondoren, egoera berrietara moldatzeko gai ere. Proiektuaren asmoa da eskaintza hobetzea, ibilgailu pribatuarekin lehiatzeko modukoa izan dadin.