Enplegu anezka bana abiaraziko dute apirilean Debabarrenan eta Oarsoaldean

Actualizado: jueves, 10 marzo 2016 16:50

DONOSTIA, 10 (EUROPA PRESS)

   Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Sailak lankidetza hitzarmen bat sinatu du Telefonica eta Santa María la Real fundazioekin eta Debegesa eta Oarsoaldea eskualde agentziekin, datorren apirilean enplegu anezka bana martxan jartzeko Debabarrenan eta Oarsoaldean. Programak 50 pertsonari lagunduko die, taldean lana bilatzen ikasteko, beren gaitasun profesionalak indartzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko, lan munduan sartzeko aukera berriak izan ditzaten.

   Ainhoa Aizpuru Sustapen Ekonomikoko diputatuak azpimarratu du proiektu hau "bereziki garrantzitsua" dela, gazteen enplegua sustatuko baitu langabeziak bereziki zigortu dituen bi eskualdetan, eta gogorarazi du Gipuzkoako Aldundiaren helburuetako bat dela ekonomia suspertzea eta kalitatezko enplegua sortzea.

   Bestalde, Debegesako zuzendari nagusia den Juan Angel Balbasek eta Oarsoaldeako gerentea den Fernando Nebredak adierazi dute programa honek lan arloan nahiz arlo pertsonalean garatzeko aukera emango diela 50 gazteri.

   Aizpuruk azaldu du enplegu anezka bakoitzak 25 langabe gazte hartuko dituela, 18 eta 29 urtera bitartekoak gizonen kasuan eta 34 urte artekoak emakumeen kasuan. Lehentasuna izango dute Debabarrena eta Oarsoaldean erroldatutakoek. Ez da prestakuntza profil zehatz bat eskatzen, eta oinarrizko ikasketak dituzten gazteak, lanbide heziketatik edo batxilergotik datozenak edo unibertsitate ikasketak dituztenak izan daitezke; baldintza bakarra da langabeak izatea. Gainera, ez da beharrezkoa lan sektore jakin batean eskarmentua izatea, ezta esperientzia profesionala izatea ere.

   Debabarrenako eta Oarsoaldeko anezketan parte hartzeko hautatuak diren pertsonak astean hainbat egunetan bilduko dira, Debegesa eta Oarsoaldea agentziek utzitako lokaletan. Teknikari baten laguntzarekin, 'coaching' eta adimen emozionaleko saioak egingo dituzte, bai eta komunikazio dinamikak, marka pertsonala eta enplegu bilaketa 2.0, elkarrizketa pertsonaletarako entrenamendua, enplegagarritasun mapak, enpresetara bisitak eta bilerak ekintzaile edota lan bitartekaritzako prozesuak giza baliabideetako arduradunekin. Azken buruan, "lana bilatzera bideratutako dinamikak", Aizpuruk nabarmendu duenez.

   Proiektuan parte hartu nahi dutenek apirilaren 7ra arteko epea dute izena emateko, anezka programaren web-orrian (http://www.lanzaderasdeempleo.es/formulario-de-inscripcion) edo aurrez aurre, inprimakia Debegesa (Eibarren) edo Oarsoaldea (Errenterian edo Pasaia-Trintxerpen) agentzien lokaletan emanez.

AURREKARI ONAK

   Debabarrenako eta Oarsoaldeko anezkak Gipuzkoan martxan jarriko diren lehenengoak izango dira, baina orain arte garatu diren beste esperientzien bermea du proiektuak.

   "2014an eta 2015ean martxan jarritako anezken esperientziak erakutsi du proiektu honek nabarmen laguntzen diela gazteei, lan munduan sartzeko aukera errealak areagotzen baitira", esan du Telefonica Fundazioko zuzendari Joan Cruzek, Telefonicako Euskadiko zuzendari Javier Benito ondoan zuela.

   "Jakin badakigu erakunde publikoek, pribatuek eta gizarte zibilak gazteen langabezia bezalako arazo bati eskutik helduta aurre egitea erabakitzen dutenean emaitzak benetan arrakastatsuak izaten direla.Horregatik, proiektu honen aldeko apustua egiten dugu, zabaldu eta geroz eta gazte gehiagorengana iritsi dadin, haien bizi proiektua eta garapen pertsonal nahiz profesionala sustatuz", esan du Cruzek.