Enplegu erregulazioko espedienteak %32 murriztu dira uztailean eta abuztuan EAEn

Actualizado: viernes, 16 septiembre 2011 14:48

BILBO, 16 Sep. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak enplegu erregulazioko 196 espediente baimendu zituen uztailean eta abuztuan, hau da, 2010. urteko hil berean baino %32 gutxiago. Iaz 289 espediente izan ziren bi hilabeteotan.

Uztailean eta abuztuan baimendutako espedienteetatik, 142 lan-kontratua etetekoak izan ziren, 38 lanaldia murriztekoak eta 16 kontratu-amaierakoak, Eusko Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez.

Bestalde, uztailean eta abuztuan enplegu erregulazioko espedienteren batean sartu ziren langileen kopurua ia erdira murriztu zen, 3.442 izan baitziren, 2010. urteko 6.129en aldean. Sektoreen arabera, Industria, Zerbitzuak eta Eraikuntza izan ziren sektore kaltetuenak.

Kontratuak amaitzeko enplegu erregulazioko espedienteei dagokienez, uztailean zazpi izan ziren, eta abuztuan bederatzi. Aurten, abuztuaren 31ra arte, kontratuak amaitzeko 60 espediente baimendu dira; 2010ean, epe berean, 59 baimendu ziren, eta 2009. urtean 89.

Aurreko hilabeteetan bezala, adostutako espedienteen portzentajeak altuak dira (kontratua eteteko espedienteen %91, eta kontratua amaitzeko espedienteen %85).

Egun kontratua eteteko eta kontratua amaitzeko 933 espediente daude indarrean; horietatik %59 aurreko espedienteen jarraipena dira. Une hauetan 14.263 pertsona daude etenaldiko edo lanaldi-murrizketako enplegu erregulazioko espedienteetan.