Enpresa berritzaileentzako plataforma berriak 30 bat proiektu hartu ahal izango ditu Bizkaiko Teknologia Parkean

Actualizado: miércoles, 1 octubre 2014 14:36

BILBO, 1 Oct. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak enpresak sortu eta garatzeko plataforma berria du gaurtik: KABI 612. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak abiarazitako egitasmoak 30 proiektu inguru hartu ahal ditu. Enpresa proiektu berritzaileak izan behar dira eta gehienez sei urte egon ahal izango dute bertan. Salbuespena bioteknologia, nanoteknologia eta mikroteknologia proiektuak izango dira, egonaldia luzatu ahal izango baitute.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako Lehendakariak eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak inauguratu dute gaur KABI 612, laborategirik aurreratuenak dituen azpiegitura eta garapen teknologiko handia izan dezaketen konpainiak hartuko dituena.

BIOKABI 2005ean Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak eta Aldundiak martxan jarritako bioinkubagailutik eratorritako bost proiektu hartuko ditu plataforma berriak; gainerakoak proiektu berriak izango dira.

2009an hasi ziren azpiegitura berriaren eraikitze lanak eta 2013an amaitu dira, barrualdeko espazioen egokitzapen lanekin. 6.000 metro koadro ditu bi solairutan banatuta. Beheko solairuan sustatzaileentzako moduluak, kudeaketa esparrua, bilera gelak eta erabilpen anitzetarako espazioak daude. Lehen solairuan, berriz, beharrezko tresna guztiekin hornitutako laborategiak bildu dira. 11,4 milioi euroko inbertsioa egin du Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak KABI 612 inkubagailuaren eraikitze eta egokitze lanetan.

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak definitu dute azpiegitura berriaren kudeaketa eredua, eta horrela, BEAZ foru sozietate publiko izango da KABI 612ren kudeaketaz arduratuko dena, Eusko Jaurlaritza-SPRIren, Bizkaiko Aldundiaren eta Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen koordinaziopean.

Erabaki hau, bi erakundeen artean lortutako akordio zabalago baten atal bat da, Bizkaian ekintzailetzari eskaintzen dizkioten laguntza programak indartzea eta sustatzea helburu duen akordioa, hain zuzen ere.

ERAIKIN IRAUNKORRA

Energia iraunkortasun eta eraginkortasun alorrean, maila gorenetakoa den nazioarteko ziurtagiria du KABI 612 eraikinak: LEED ziurtagiriaren Zilarrezko maila. Green Building Certification Institute erakundeak ematen duen ziurtagiria da, eta mota guztietako eraikinetan iraunkortasun estrategien erabilpenari buruzko arau multzo batez osatuta dago.

Eraikinaren proiektuan zenbait arlo garrantzitsu gehitzean oinarritzen da, besteak beste, energia eraginkortasuna, energia berriztagarrien erabilpena, barruko giroaren kalitate hobekuntza, ur-kontsumo eraginkorra, libre dauden eremuen garapen iraunkorra eta materialeen aukeraketa.

Esan bezala, Iñigo Urkulluk eta Jose Luis Bilbaok inauguratu dute KABI 612, beste hainbat agintari eta enpresa ordezkarirekin batera, besteak beste, Lander Aiarza eta Igotz Lopez, Derio eta Zamudioko alkateak, hurrenez hurren; Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako sailburua; Imanol Pradales Sustapen Ekonomikorako foru diputatua; Estibaliz Hernaez Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuordea; eta Alexander Arriola SPRIko zuzendari nagusia.