BILBO, 19 (EUROPA PRESS)
Bai Euskarari Elkarteak antolaturiko Enpresarean Azokaren laugarren edizioak pertsonak, digitalizazioa eta eraldaketaren erronka izango ditu hizpide, urriaren 25ean, Orona Ideon, Hernanin (Gipuzkoa). Ekitaldia 08.30etik 14.30era izango da, askotariko hitzaldiak eta solasaldiak jasoko dituen egitarauarekin, eta bertaratzeko izena emateko eopea zabalik dago jada. Parte hartzeko interesa duenak ondorengo galdetegia bete beharko du: https://goo.gl/forms/ilkN0fdAdcrhk9Xa2
Antolakuntzak jakinarazi duenez, etorkizuneko eraldaketaren paradigma aurrean izanik, teknologia, robotizazioa eta lanpostu berriak bezalako gaiak izango dira eztabaidagai, enpresa eta ingurune digitaleko adituen parte hartzearekin, euskaratik eta euskaraz.
Horrela, egitaraua hiru bloke nagusietan banatuko da eta bakoitzean enpresa alorreko gonbidatu bereziak izango ditugu. Lehenik eta behin, "Ekonomia eta pertsonak. Euskal ekonomiaren eta gizartearen erronkak" hizpide izanik, Orkestrako zuzendari nagusi Mari Jose Arangurenek eta Talaios Kooperatibako Gorka Juliok hitzaldi bana eskainiko dute, eta, ondoren, mahai ingurua partekatuko dute Imanol Esnaola (Gaindegiako Koordinatzailea), Sebastian Zurutuza (Gipuzkoako Foru Aldundia), Ixaka Egurbide (IMHko zuzendaria) eta Iker Barrenarekin (CEO Hispavista Labs).
Bigarren zatian eraldaketa digitalean jarriko da arreta, "Eraldaketa digitala, pertsonen eraldaketa?" galderari erantzun nahian. Horretarako, SPRI Taldeko zuzendari nagusi Alexander Arriolak "Eraldaketa digitalaren erronka pertsona eta profesionalengan" hitzaldia eskainiko du.
Ondoren, lanaren etorkizuneko joeren inguruan sakontzeko, LKS-Prospektiker-eko zuzendari nagusi eta Millenium proiektuaren arduradun Ibon Zugastik proiektuari buruz hitz egingo du eta etorkizuneko lanbide sistema irudikatzen lagunduko du.
SOLASALDIA
Hitzaldien ondoren, solasaldian partekatuko dituzte ikuspegiak inguruko profesional erreferenteekin. Horrela, besteak beste, Nuria Agirre (Laboral Kutxako Giza Baliabideetako arduraduna), Rikar Lamadrid (Eusko Jaurlaritzako Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria) edo Lanbide eta zenbait enpresetako ordezkariak izango dira, egungo hezkuntza sistema eta etorkizuneko lanbide sistemaren erronken inguruan hausnartzeko.
Bestalde, aurreko edizioetan bezala, ekintzaileei zuzenduriko "Arin-Arin" saioa egongo da. Parte hartzaileek haien ideiak edo proiektuak hiru minutuan azaldu beharko dituzte, arin eta labur.
Helburua da onuragarriak izan daitezkeen eta garatzeko aukera duten ekimen berritzaileak ezagutzea eta ekarpenak egitea, sormena garatu zein elkarlanerako bide berriak irekitzea. Epaimahaiak parte hartzaileen aurkezpenak baloratu eta irabazle bat hautatuko du, ekimena gauzatzeko 2.000 euroko laguntza eskainiz. "Arin-Arin" saioan parte hartu nahi duenak ondorengo galdetegia bete beharko du: https://goo.gl/forms/J1nMSJ5PRkcMNoz43