Enpresek eta elkarteek bide publikoan hizkuntza ofizialen erabilera egokia egiteko esku orria dute Donostian

Hizkuntza jarraibideei buruzko esku orria atera dute Donostian
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: jueves, 29 septiembre 2016 17:21

DONOSTIA, 29 (EUROPA PRESS)

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak esku orri bat argitaratu du jendaurreko euskarri eta jardueretan, ahoz nahiz idatziz, udalak onartutako hizkuntza ofizialak erabiltzeko jarraibideak modu egokian gauzatzen laguntzeko. Edozein enpresak edo erakundek kalean antolatzen dituen jarduera eta zerbitzuetan hizkuntzak nola erabili behar diren ikusteko ereduak eta benetako adibideak jasotzen ditu esku orriak.

Guztira, esku orriaren 4.000 ale argitaratu dira Donostiako Udalak kontratatzen edo diruz laguntzen dituen enpresa eta elkarteen artean banatzeko. Horrez gain, udalak parte hartzen duen enpresa, erakunde zein sozietate publikoei ere helarazi zaie informazioa. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, bere aldetik, hizkuntza jarraibideok betetzen laguntzeko hizkuntza aholkularitza eta testuen zuzenketa zerbitzua eskainiko du bere baliabideen arabera.

Donostiako Udalak gogorarazi duenez, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planaren helburu nagusia da herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea, "eta hizkuntza eskubide horiek bermatu behar dituzte bere osotasunean udalak, erakunde autonomoek, sozietate publikoek eta hauek kontratatzen edota diruz laguntzen dituzten enpresek eta elkarteek".

NEURRIAK

Horrela, sortutako komunikazio eleaniztunetan, enpresek edo elkarteek beharrezko neurriak hartuko dituzte euskara nabarmentzeko, hala nola euskarazko testua aurrean edo gainean jartzea; zutabeak direnean, ezkerrekoa euskararentzat izatea; bi orrialde edo gehiago direnean, eskuinaldekoa euskaraz jartzea edo, edukiaren arabera, alderantzizko edizioa egitea; euskarazko testua letra larrian edo lodian idaztea.

Halaber, idatzizko harremanek, argitalpenak, iragarkiak, kanpainak (osagarri guztiekin: kartelak, esku orriak), web orriak, ekitaldietako material idatzia, errotulazioa, seinaleztapena edota hizkuntza paisaia hartzen ditu bere baitan, eta horietan guztietan, euskara edo euskara eta gaztelania erabiliko dira euskarari lehentasuna emanez, beste hizkuntzen erabilerari uko egin gabe. Helbideetako kaleen euskarazko izena, kale izendegi ofizialaren bidez egiaztatuko da.

Azkenik, ahozko komunikazioak bere baitan hartzen ditu prentsaurrekoak, ekintza instituzionalak, hitzaldiak, kanpainak, mahai inguruak, bilera irekiak, jardunaldi teknikoak, ikastaroak edota erakusketak, eta horietan guztietan euskara edo euskara eta gaztelania erabiliko dira, beste hizkuntzen erabilerari uko egin gabe. Euskara lehentasunez erabiliko da eta komunikagarritasuna bermatzeko behar diren baliabideak erabiliko dira.