Enter 2016k nazioarteko 260 aditu bilduko ditu Bilbon turismorako azken berrikuntza teknologikoak partekatzeko

Arduradun politikoak Enter 2016 biltzarrera heltzen
MANU DE ALBA
Actualizado: miércoles, 3 febrero 2016 11:14

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

   Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Lorenzo Cantoni IFITT erakundeko presidenteak Enter 2016 biltzarra inauguratu dute asteazken honetan Bilbon. Ekitaldiak "eTourism: Empoyering Places" izenburua du, eta 37 herrialdetako 260 profesional baino gehiago bilduko ditu Bizkaia aretoan turismoaren sektoreari aplikatutako azken berrikuntza teknologikoak partekatzeko.

   Inaugurazio ekitaldian, Jose Maria Guibert Deustuko Unibertsitateko errektoreak, Joseba Jauregizar Tecnalia zentro teknologikoko zuzendari nagusiak eta Jorge Posada Vicomtech-IK4 ikerketa zentroko zuzendariondokoak ere parte hartu dute.

   Tapiak azpimarratu du Euskadi Europako I+G+Bko esparruan "erreferentziazko herrialdea" dela, eta turismoaren industriako berrikuntza "oinarri-oinarrizkoa" dela gaur egun, "merkatu eta profil gero eta segmentatuago eta superespezializatuagoak baitaude". Enter 2016 Euskadirentzat "ikasteko aukera on bat" dela ziurtatu du, bai eta "turismo teknologian espezializatutako gure punta-puntako enpresek egiten duten lana erakusteko aukera" ere.

   Aburtok nabarmendu du Bilborentzat maila horretako topaketa bat hartzeak duen garrantzia, batez ere, Bizkaiko hiriburuak historiako turismo daturik onenak erregistratzen ari deean. Ildo horretan, 2015. urtean, lehen aldiz, Bilbok 800.000 sarreren muga gainditu duela (813.357) azpimarratu du, baita ostatu gauen 1.500.000eko muga ere (1.560.185).

   "Estatuko zein nazioarteko bisitari gehiago irabazi ditugu. Hiria, kultura, kostaldea, natura, hirigune historiak eta aisialdia eskaintzen ditugu erakargarriak izateko, baina, batik bat, identitatea eta berezitasuna eskaintzen ditugu", adierazi du.

BASQUE ETOURISM DAY

   Enter 2016ren baitan, Basque eTourism Day egingo da ostegunean, otsailaren 4an, euskal turismoaren sektoreari zuzenduta, eta 150 pertsona baino gehiago elkartuko dira. Euskal teknologiak turismoari eman diezazkiokeen azken aurrerapenak eta berrikuntzak ezagutzera ematea izango da xedea.

   Topaketan, besteak beste, Smart Destination eta eTourism Marketing gaiak jorratuko dira eta teknologia aplikatuarekin zerikusia duten produktu asko erakutsiko dira.

   Euskal esparruan, merkatuan jada turismoarentzako aplikazio bat duten enpresen eskaintza nabarmendu behar da, besteak beste, Batura Mobile Solutions, Macco Robotics, SHIP NET PREMIUM edo Irontec enpresena.

Era berean, beren eskaintza teknologikoa aurkeztuko duten beste entitate batzuk parte hartuko dute: Tecnalia, Vicomtech-IK4, Segittur, DFRC, Universitat de Barcelona, Iberia, European Travel Commission edo Turiscopi.

   Enter biltzarraren 23. edizioaren baitan, 37 herrialdetik heldutako 260 profesionalek eta nazioarteko ospea duten hizlariek turismoaren sektoreari aplikatutako teknologien azken berrikuntzak partekatuko dituzte ostiralera arte, otsailaren 5era arte. Nazioarteko biltzar honen helburua da turismo eta abangoardiako garapenetan dauden aurrerapen zientifikoen berri ematea. Halaber, toki turistikoen ahalduntzearekin zerikusia duten alderdiak landuko dira, eta, horretarako, informazio teknologia berrien balioa azpimarratuko da.

   Biltzarraren sustatzailea den IFITT erakundeak (International Federation for Information Technology and Travel and Tourism) antolatzen du Enter 2016, Eusko Jaurlaritzaren, Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Gainera, Tecnalia, Vicomtech-IK4 eta Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateak ere parte hartzen dute. Bestalde, Espainiako Industria eta Turismo Ministerioaren mende dagoen Segittur Turismo Berrikuntza eta Teknologiak Kudeatzeko Estatuko Sozietatea ekitaldian egongo da, babesle gisa.