EOSek Schuberten 5. Mezan oinarrituriko programa eskainiko du azaroaren 25tik abenduraren 2ra

Andra Mari Abesbatza izango du lagun EOSek
EUSKADIKO ORKESTRA SINFONIKOA
Actualizado: miércoles, 23 noviembre 2011 13:08

BILBO, 23 Nov. (EUROPA PRESS) -

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) Schuberten 5. Meza argudio nagusi izango duen programa sinfoniko-korala eskainiko du bonu-denboraldiaren baitan, azaroaren 25etik abenduaren 2ra, Andres Orozco-Estradak zuzenduta. EOSek instrumentazio zabala eta ahotsei dagokienez aberatsa den partitura hau interpretatzen duen lehenengo aldia izango da, eta Jose Manuel Tifek zuzentzen duen Errenteriako (Gipuzkoa) Andra Mari Abesbatzaren partaidetzarekin egingo du, bakarlarien "talde nabarmen" batekin batera.

"Aldareetatik orkestrara" izenburua duen programa honen kontzertuak izango dira azaroaren 25ean eta abenduaren 2an Donostiako Kursaalean, azaroaren 28an Iruñeko Baluarten, azaroaren 29an Gasteizko Principal Antzokian eta azaroaren 30ean Bilboko Euskaldunan, EOSeko iturriek jakinarazi dutenez.

Schuberten 5. Meza interpretatzean, Andres Orozco-Estrada Andra Mari Abesbatzarekin arituko da berriz ere. 2007an zuzendu zuen lehen aldiz, Musikasten, EOS ere lehen aldiz zuzendu zuen kontzertuan. Ondoren, 2009an Musika Hamabostaldian eta 2010ean EOSen bonu-denboraldian zuzendu zuen Orozco-Estradak Andra Mari Abesbatza. Gainera, oraingoan, lau abeslari gazte ere arituko dira, horietako hiru EOSekin lehenbiziko aldiz: Ana Quintans sopranoa, Ida Aldrian mezzosopranoa, Jose Luis Sola tenorea eta Klemens Sander baritonoa.

Halaber, Schuberten azken-aurreko meza bere errepertoriora gehitzeaz gain, EOSek Camille Sain Saënsen 3. Sinfonia organuarekin interpretatuko du bosgarren programa honetan. Paristar konpositorearen sinfonien artean guztira bosgarrena eta azkena izan zen hau, sinfonia frantsesak XIX. mendeko azken urteetan bizi izandako bilakaeran aurrerapauso erabakiorra izan zen. Honetan, Saint Saënsek organoa eliz musikaren eremutik atera eta orkestrari gehitu zion. Programa hau bera, Andres Orozco-Estradak zuzenduta, baina Tonkünstler Wien orkestrak interpretatua, Vienako Musikverein-ean izango da entzungai abenduaren erdialdera.

Bestalde, Musika Gelaren programazioaren baitan, ostegunean, azaroaren 24an, EOSek programa sinfoniko-koral honen entseguetako bateko ateak irekiko dizkie Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Esperientzia Geletako 63 ikasleri eta Musikeneko ikasleen talde bati.

Bonu-programa honen barnean Iruñean, Gasteizen eta Bilbon izango diren kontzertuetan, euskal orkestra UNICEF erakundearekin lankidetzan arituko da, haurren desnutrizioaren aurkako urte amaierako kanpaina berezi batean lagunduz. EOS erakunde honekin lankidetzan aritzen den bigarren urtea da. Kontzertuetarako sarrerak ohiko salmenta-bideetan eros daitezke.