Eraginkortasunez gidatzeko doako ikastaroen kanpaina bat egingo da Donostian urriaren 20tik 22ra

Actualizado: lunes, 10 octubre 2011 15:06

DONOSTIA, 10 Oct. (EUROPA PRESS) -

Mugikortasun Astearen inguruan sustaturiko "Mugikortasun Iraunkorraren Udazkena" ekimenaren egitaraua jarraituta, Donostiako Udaleko Mugikortasun Sailat eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eraginkortasunez gidatzeko herritarrentzako doako ikastaroen kanpaina jarri dute abian.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ikastaroak urriaren 20tik 22ra izango dira eta Donostiako Tranbia Konpainiaren instalazioetan emango dira. Helburua da gidatzeko teknika errazen bidez energia aurreztea erregai gutxiago kontsumitzeari esker, bai eta gidaria gidatzeko garaian seguruago egotea eta airearen kalitatea hobetzea ere, atmosferara agente kutsatzaile gutxiago botata.

Ikastaroa batez ere praktikoa da. Ikasleari eskatuko diote lehen ibilbide bat egiteko, ohiko abiadura eta kontsumo parametroak neurtzeko. Gero, eraginkortasunez gidatzearen inguruko zenbait kontzepturen gaineko azalpenak jaso ondoren, irakasleek erakutsitako teknikak erabilita bide beretik ibiliko dira, hala, bi ibilaldietako neurketen ondorioak alderatu ahal izateko.

Hiru egunetarako antolaturiko kanpainaren asmoa da 100 bat pertsonari aukera ematea 25 eta 30 lagun bitarteko talde txikietan parte hartzeko. Beraz, leku kopurua mugatua da, eta parte hartu nahi duten guztiek izena eman dezakete gaurtik, urriaren 10etik, Mugikortasun Atalaren webgunean (www.donostiamovilidad.com) edo 943 48 35 44 telefono zenbakira deituta (lanegunetan 9:00etatik 14:00etara).