Eraikinak birgaitzeko lanetan kalitatea bultzatzeko kanpaina abiatu dute Donostian

Contador
Kanpainaren erakunde sustatzaileetako ordezkariak
DONOSTIAKO UDALA
Publicado 2018/02/13 14:07:56CET

DONOSTIA, 13 Feb. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Etxegintzak, Ascongi/Adegi Gipuzkoako Eraikitzaileen Elkarteak eta arkitektoen, arkitekto teknikoen eta finka administratzaileen elkargoek eraikionak birgaitzeko lanetan kalitatea bultzatzeko kanpaina jarri dute martxan Donostian.

Kanpainaren edukiak azaldu dituzte astearte honetan Enrique Ramos Donostiako Udaleko Hirigintzako zinegotziak, Paul Lizeaga Ascongiko idazkari eta Adegiko sektore elkarteen zuzendariak, Judith Ubarretxena Gipuzkoako Arkitektoen Elkargo Ofizialeko lehendakariak, Xabier Beraza Gipuzkoako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialeko lehendakariak eta Javier Montero Gipuzkoako eta Arabako Finka Administratzaileen Lurralde Elkargoko kideak.

Horrela, kanpainak 3.000 argibide liburuxka helaraziko dizkie interesdunei, parte hartzen duten elkarte eta elkargoen bulegoetan eskura egongo baitira. Gainera, bakoitzaren webgunean ere beharrezko argibideak lor daitezke.

Aurkezpenean azaldu dutenez, "jabekideen elkarte batentzat esperientzia ona izan daiteke obra edo erreforma bati heltzea, profesional egokiak erabiliz gero, eta kanpaina honek gida arin bat aurkezten du, bidaide egokiak aukeratzen jakiteko".

Erreforma proiektu guztietan ezinbesteko hiru oinarri daude birgaitze proiektua behar bezala bururatzeko: elkargo ofizialeko kide den finka administratzaile bat, elkargo ofizialeko kide den arkitekto teknikoa-aparejadorea eta erreformaz arduratzen den enpresa eraikitzailea.

Kanpainaren bidez, dibulgazio, informazio eta prestakuntza dinamikak abiarazi nahi dituzte sustatzaileek, "herritarrak jabearazteko, horrelako lanak behar bezala bideratu, egin edo kontrolatuko badira, garrantzitsua dela beti profesionalekin aritzea, planifikazioa, zuzendaritza eta egitea bera lortu beharreko emaitzen araberakoa izatea bermatzeko".