Erakunde arteko lantaldeak sustatuko dituzte Oionen eta Laudion langabeziaren aurka jarduteko

Actualizado: miércoles, 25 noviembre 2015 14:31

GASTEIZ, 25 (EUROPA PRESS)

   Arabako Foru Aldundiak, Lanbide Enplegu Zerbitzuak eta Oiongo eta Laudioko udalek lantalde bana jarriko dute martxan bi udalerriotako langabeei eta beren prestakuntza beharrei buruzko baterako diagnostikoa egiteko, ahaleginak koordinatzeko eta langabeziaren aurkako borrokan eraginkorragoak izateko asmoz.

   Foru erakundeko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapen eta Foru Administrazioko Sailak Oionen eta Laudion sustatuko ditu lantaldeak, lurraldeko langabezia tasarik handienak dituzten bi udalerriak direlako: biztanleria aktiboaren %24,1 eta %17,9, hurrenez hurren. Portzentaje hauek %26raino heltzen dira emakumeen kasuan.

   Erakundeen arteko talde hauek "azterketa sakona" egingo dute bi udalerrietako langabe multzoei buruz, sexua, adina, langabezian egondako denbora edo prestakuntza maila bezalako aldagaiak kontuan izanik, eta tartean diren erakundeetako bakoitzak (Aldundia, Lanbide eta dagokion udala) enplegu eta prestakuntza gaietan gauzatzen ari den politikak partekatuko ditu.

   "Langabeziaren arazoa suntsitzeko ez dago konponbide miragarririk, egia da, baina zalantzarik gabe ezinbestekoa da administrazio guztiek beren baliabideak eta politikak jokoan jartzea era koordinatu eta osagarrian, eraginkorragoak izateko. Hori besterik ez da lantalde misto hauen helburua. Hala egokituz gero, Arabako beste udalerri batzuetara hedatu ahal izango dira", azaldu du Cristina González Enplegu Sustapeneko foru diputatuak.

   Lanbideren tokiko enplegu planak eta Arabako Aldundiko enplegurako prestakuntzarako laguntzak, bi erakundeok udalerrietan langabeziaren aurka borrokatzeko dituzten tresna nagusiak dira. Deialdi hauek irekiak dira, baina Oiongo eta Laudioko udalekin egindako baterako lanak bidea emango du bi udalerrien eta bertako enpresen beharrizanak ezagutzeko eta 2016ko deialdietan kontuan edukitzeko.

   Enplegu Sustapeneko foru diputatuak langabeziaren arazoa gehien pairatzen duten Arabako udaletako batzuekin eta Lanbiderekin egindako bileren ondoren sortu dira lantaldeak. Azken asteetan, González Oiongo, Laudioko, Amurrioko, Aguraingo eta Asparreneko udalekin bildu da, besteak beste.