Eremu soziolinguistiko ezberdinetako gazteak bildu dira Mundakan, "Mingaina dantzan" udalekuetan

"Mingaina Dantzan" Udalekuan Parte Hartzen Ari Diren Gazteak
IREKIA
Actualizado: martes, 11 julio 2017 16:25

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak "Mingaina dantzan" udalekuen proiektua bisitatu du astearte honetan, Mundakan (Bizkaia). Ekimenak eremu soziolinguistiko ezberdinetako 12 eta 14 urte bitarteko gazteak bildu ditu eta beren arteko elkarbizitzaren testuinguruan ikerketa soziolinguistiko bat garatuko du. Analisi honen helburua erabilera sustatzeko tresnen eraginkortasuna aztertzea da, eta ondorioak baliogarriak izango dira etorkizuneko estrategiak diseinatzeko orduan.

Jaurlaritzarekin lankidetzan, Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ere proiektu hau antolatzen kolaboratu dute. Proiektu pilotua da aurtengoa, eta lehen esperientzia honetan euskararekin harreman ezberdinak dituzten 30 gazte bildu dira Mundaka Hostelen. Euskadiko eskualde ezberdinetakoak dira: Gasteiz, Barakaldo, Azpeitia, Oiartzun, Zumaia eta Gernika. Gazteak uztailaren 3an iritsi ziren udalekuetara eta asteazkenera arte izango dira.

Bisitan, Dobaranek proiektuaren funtsaz hitz egin du. "Gaztetxoentzako oso proiektu erakargarria landu da, eta lehen helburua haiek goza dezatela izan da. Hala ere, udaleku hauek berezitasun bat daukate: proiektu soziolinguistiko bati lotuta daude. Eremu soziolinguistiko ezberdinetako gazteak beren-beregi bildu ditugu leku zoragarri honetan, eta hemen sortzen den elkarbizitza horren inguruan ikerketa soziolinguistiko bat garatzen ari da", azaldu du.

Izan ere, adierazi duenez, erabilera sustatzea da Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren xede nagusietako bat: "Euskarak milaka eta milaka hiztun irabazi ditu azken urteotan, eta gehienak gazteak dira. Euskarak masa kritikoa irabazi du eta gaztetu egin da. Euskaldunon areagotze eta gaztetze prozesu horrekin batera, euskaldunon profila aldatu egin da. Hainbat hiztun eremu soziolinguistiko euskaldunetan bizi dira, baina beste askok ez dute euskara etxean jaso eta beren inguruan nahi baino aukera gutxiago dituzte euskara erabili ahal izateko".

IKERKETA

Ebete enpresa izango da ikerketa soziolinguistikoa garatuko duena, eta bere arduradun Iñaki Eizmendik proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu gaur. Horrela, hiru mailatako tresnak erabiltzen ari dira udaleku hauetan, ahalik eta era ludikoenean: oinarrizko estrategiak, eusleen kontzeptuari lotutakoak eta erabileran gehien eragiten duten 12 faktore nagusien ingurukoa.

"Baliabide batzuk lehenengoz garatzen ari dira, eta emaitzak oso positiboak izaten ari dira. Ikerketa honetatik aterako diren ondorioak oso baliogarriak izango dira etorkizunean", azaldu du Eizmendik.

Ttakkun Kultura Elkartea arduratu da udalekuen funtzionamenduaz. Enpresa horretatik azaldu dutenez, egitarau erakargarria prestatu dute 12 eta 14 urte bitarteko gazteentzat. Aste honetan ETBko "Goazen!" telesaileko bisita izan dute gazteek, eta Urdaibai ingurua ezagutzeko aukera izan dute egunotan.