Eriz Morenoren "Bratstvo / Jedinstvo" erakusketa inauguratuko da asteartean Bilboko Rekalde aretoan

Eriz Morenoren argazkietako bat
ERIZ MORENO
Actualizado: lunes, 7 marzo 2016 13:13

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

   Eriz Moreno artista bilbotarraren "Bratstvo / Jedinstvo" (Anaitasuna / Batasuna) erakusketa inauguratuko da asteartean, martxoaren 8an, Bilboko Rekalde aretoko Kabinete Abstraktuan, eta maiatzaren 8ra bitartean egongo da ikusgai, Bizkaiko Foru Aldundiko Barriek 2016 programaren baaitan.

   Morenok (Bilbo, 1982) Jugoslavia ohian izandako azken esperientziaren emaitza da erakusketa. Bizkaiko Foru Aldundiaren beka bati esker egin ahal izan zuen proiektua, eta "Balkanetara diziplina askotatik hurreratzeko lana izan da, Jugoslavia izan zen eta den errealitate konplexuaz jabetzeko eta hori atzemateko molde desberdinak uztartzen dituena".

   Hain zuzen, hortik dator erakusketaren izenburua, gogora ekartzen du Jugoslaviako autobide baten deitura eta, era berean, lelo nazionala den izena. Horregatik, autobidean zehar egiten den bidaiak eremu osoa gurutzatzen du, alde historiko, arkitektoniko, politiko eta kulturalak uztartuz, harik eta ikuspegirik zabalena eskaini arte.

   Erakusketak bidaian zehar jasotako materialak biltzen ditu: bideoak, argazkiak, audioak eta bestelako materialak (liburu, pin txanponak eta abar); hala, artistak lurralde horren gainean duen ikuspegia osatzen da eta horretan iraganarekiko nostalgia proiektatzen da Europar Batasunarekin bat egiteko etorkizun baterantz.

   Titoren sasoiko argazki ugari ikus daitezke hormetan, posterrekin, postalekin, irudiekin, banderekin eta abarrekin. Aitzindarien abesti patriotikoen audio bat entzun daiteke eremu osoan eta Titoren hitzaldiak jasotzen dituen beste bat entzun daiteke kaskoekin. Gainera, artistak autobidetik egindako hamar orduko bidaia baten bideoa aurkezten du, denbora errealean grabatutakoa; atzeko soinu gisa, autoko irrati aparailuko tokiko irratiak entzun daitezke eta Titoren figuraren eta partisanoen gaineko bideo dokumental bat ikus daiteke, sasoi horretako 8mm-ko film batera transferitua. Bideo batek maiatzaren 25ean Belgradeko futbol zelaian ospatu ohi zen Gazteriaren Eguna jasotzen du.

"ROAD TRIP"

   Hasieratik, Eriz Moreno beti interesaturik agertu da "road trip" bidaian, betiere esperientzia eta jardun artistiko gisa, toki bateko esperientzia gisa. 2012an "Untitled (Berlin)" proiektua egin zuen: AEBetan Berlin toponimoa zuten 30 udalerri bisitatu zituen, oso errealitate eta geografia desberdinen arteko erlazio kontzeptual bat ezartzeko. Hala, horren inguruan egindako proiektuan 140 diapositibako 30 sortako erakusketa bat egin zuen udalerri bakoitzeko eta 50 orduko bideo dokumentala errepideetan izandako bizipenen inguruan.

   Alabaina, Europako XX. mendeko totalitarismoei dagokienez, historiara eta lurraldera hurreratzeko lana, Bilbao Arten egoitza beka bat izan zuen bitartean sortu zen. Garai horretan ekialdeko propaganda argitalpenak ezagutu zituen. "Projekt Beton" (Hormigoizko proiektua) egitasmoa testuinguru horretara hurreratzeko lehenengo urratsa izan zen. Haren lana izan zen "Reichsautobahn (Autopista Inperiala)" bilatzea, bertan behera utzitako autobide bat, 1930eko hamarkadan hasitakoa.  Ibilbidea etorkizuneko Reichsautobahn-en zati bat zen, Berlin Poloniako Königsberg-ekin lotuko zuena. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, autobidea amaitu gabe geratu zen Poloniako lurraldean eta, denboraren poderioz, naturak estali zuen erabiltzen ez zen zatia.

   Eriz Moreno Arte Ederretako master bat dauka La Lagunako Unibertsitatean. Hainbat beka eta sari erdietsi ditu Armenian, Alemanian, Espainian, AEBetan, Makaon, Grezian, Polonian eta Erresuma Batuen egindako proiektuei esker.

   2013tik aurrera egindako erakusketen barnean nabarmentzekoa da Poloniako Muzeum Regionalne w Szczecinku museoan egindako "Projekt Beton" egitasmo indibiduala, Leipzigeko eremu publikoan izandako Nazioen Gudaren 200. urteurrena izan zela eta. Erakusketa bera egin zuen Bilbaoarte Fundazioan (Bilbon, 2014an).

   Erakusketa kolektiboen artean, azpimarratzekoa dira honakoak: 2013an Bilboko Guggenheim museoaren "Horizonteak" izenekoa, "Wo wir sind (non gaude)" Leipzigeko D21 Kunstraumen barruan (2015), eta "Meeting Point" delakoa Konstanz Kunstvereinen eta Kunstraum Kreuzlingen (Suitza).