Erlea kultura aldizkariaren bosgarren zenbakiak komikiak eta autoak ditu gai nagusi

Erlea 5 aurkeztu dute
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: miércoles, 30 noviembre 2011 18:45

BILBO, 30 Nov. (EUROPA PRESS) -

Erlea kultura aldizkariaren bosgarren zenbakia aurkeztu da gaur, azaroaren 30ean, Bilbon, BBK Aretoan. Aldizkaria Euskaltzaindiak argitaratzen du, Jose Irazu "Bernardo Atxaga" idazle eta euskaltzain osoa da zuzendaria eta Pamiela argitaletxea arduratzen da edizioaz eta diseinuaz. Erlea 5 aldizkariak bi gai nagusi ditu: Euskal Herria eta komikiak, batetik, eta autoak, bestetik.

Bernardo Atxaga zuzendariarekin batera, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Gorka Martinez BBK Fundazioko buruak aurkeztu dute aldizkaria. Atxagari biek eman dizkiote eskerrak, egiten duen lanagatik, eta euskaltzainburuak BBKren babesa ere azpimarratu du, aldizkaria argitaratzen laguntzen baitu.

Atxagak azaldu bezala, Erlea aldizkariak baditu hiru ardatz nagusi: batetik, idazle ezagunen lanak argitaratzea; bestetik, hain ezagunak ez diren, edo ia anonimatuan diren sortzaileenak ezagutaraztea; eta hirugarrenik, alde grafikoa, hots, "azalean ikusten dena -esan du-, artistak eta pintoreak aldarrikatzea, alegia". Horiei eutsi die bosgarren zenbakiak. Honek, hala ere, Erlea aldizkariren ikurra dakar, Bernardo Atxagaren hitzetan: marrazki bat, Jon Zabaletak marraztutako erle bat, behin eta berriro agertzen dena aldizkariaren orrietan, testuen artean jolasean: "Erlearen ikurra aurkitu dugu eta erabiliko dugu".

Erlea 5 aldizkariak bi gai nagusi ditu: Euskal Herria eta komikiak, batetik, eta autoak, bestetik. Komikiei dagokienez, Juan Carlos Eguillor zena omentzen du, Atxagak idatzitako "Marrazkilari baten heriotza" artikuluaren bidez. Horretaz gain, "Euskaldunak komikian" artikulua egin du Iñaki Berazategik, "Zazpi oggi Frantzian" idatzi du Joxan Sagastizabalek, Joseba Luzuriagak "Eta komikia Arte bihurtu zen: Roy Lichtenstein hamar binetatan" artikulua sinatzen du. Bestalde, Euskadi Sioux, Ipurbeltz, TBO edo Bécassine au Pays basque bezalako argitalpenetan publikatutako irudiak ere jaso dira.

Autoen inguruan, aldiz, Kike Amonarrizek, Piarres Aintziartek, Felix Ibargutxik, Lorenzo Rojok edota Xabier Mendiguren Elizegik idazten dute.

Zaldieroaren komikia, "Urrezko liburutegia" eta "Foroa - azkenaldiko liburuak" ohiko atalak ere ekartzen dizkigu Erlea-k. Bestelako gaiak badira aldizkarian: Marta Cárdenasen objektuak, José Fernández de la Sotaren, Iñigo Aranbarriren, Joxemari Iturralderen eta Juan Kruz Igerabideren poema banaren "atzeko aldeak".

Zenbaki berri honetan hauek izan dira partaide: Piarres Aintziart, Iñaki Aldekoa, Jon Alonso, Kepa Altonaga, Kike Amonarriz, Uxue Apaolaza, Iñigo Aranbarri, Marisol Bastida, Iñaki Berazategi, Miel A. Elustondo, Estibalitz Ezkerra, Jose Fernández de la Sota, Aritz Galarraga, Juan Gorostidi, Felix Ibargutxi, Juan Kruz Igerabide, Jacinto iturbe, Joxemari Iturralde, Koldo Izagirre, Manu Lopez, Joseba Luzuriaga, Xabier Mendiguren, Lourdes Otaegi, Iñaki Mendizabal, Lorenzo Rojo, Joxean Sagastizabal eta Iban Zaldua. Irudigileak, ostera, Ernesto Valverde, Jon Zabaleta eta Marta Cárdenas izan dira.

Arratsaldean, irakurketa berezia.

Bestalde, gaur bertan, Erlea aldizkariaren zenbaki berriaren irakurketa berezia egingo da, iluntzeko 19:30ean, Bilboko BBK Aretoan bertan. Musika eta irudiak lagun dituztela, irakurketa horretan aldizkarian parte hartu duten hainbat sortzaile izango dira. Emanaldia Euskadi Irratiaren eta Radio Euskadiren laguntzarekin antolatu da.

Joxean Goikoetxeak, Jabier Muguruzak, Iñaki Berazategik, Kepa Altonagak, Jon Zabaletak eta Jose Miel Elustondok, Joxemari Iturraldek, eta, seguruenik, Marta Cárdenasek hartuko dute parte.