Eroski Fundazioak 20.000 euro bildu ditu, haurrentzako txertoekin Unicefi laguntzeko

Actualizado: martes, 3 marzo 2015 12:55

BILBO, 3 Mar. (EUROPA PRESS) -

Eroski Fundazioak 20.000 euro bildu ditu, "Orain ez gaitezke gelditu" sareko dohaintza plataformaren bitartez. Unicefen Espainiako Batzordearen kanpaina bat da, gizartea sentsibilizatu eta munduko haurrik behartsuenen alde mobilizatzeko, eta bildutako dirua haurren hilkortasuna borrokatzeko erabiliko da, txertoen bitartez.

2014ko urriaren amaieran, Eroski Fundazioak bat egin zuen "Orain ez gaitezke gelditu" kanpainarekin. "Unicefentzat 20.000 euro lortzeko helburua hartu genuen. Ehunka lagunek eman dute dohaintza eskuzabal, eta, horri esker, bete dugu konpromisoa, hau da, gizarte bidezkoago eta solidarioago baten alde egitea", esan du Alejandro Martinez Berriochoa Eroski Fundazioko zuzendari nagusiak.

Eroski Fundazioak kanpainaren hasieran iragarri zuen 5.000 haur txertatzeko adina diru bildu asmo zuela, eta, azken hilabeteotan ehunka lagunen dohaintza jaso du. Bost euro ematea proposatzen zen, diru horrekin 14 haur txerta baitaitezke polioaren kontra; 15 euro emanda, berriz, 35 haur txerta daitezke elgorriaren kontra.

"Eskerrik asko Eroski Fundazioari eta helburua betetzen lagundu diguzuen guztiei. Zaila izanik ere, lortu dugu ehunka lagun mugiaraztea. Zuen konpromisoa ezinbestekoa da senda daitezkeen gaitzengatik hiltzen diren milaka haurren heriotza eragozteko", adierazi du Carlos Epalza Unicefen Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) presidenteak.

"Orain ez gaitezke gelditu" kanpaina joan den urrian jarri zuen martxan Unicef erakundearen Espainiako Batzordeak, haurren bizien aldeko baliabideak biltzeko. 1990etik, ia erdira jaitsi da bost urterik ez duten haurren heriotza tasa, baina, oraindik ere, 17.000 neska-mutiko hiltzen dira sendatzeko moduko gaitzengatik; izan ere, haien heriotza saihesteko, aski izan daiteke txerto bat, ura edo nutrizio egokia ematea.