Eroskik 12 denda berritu ditu EAEn urteko lehen hiruhilekoan, 2016rako Plan Estrategikoan

Eroskiko establezimendu bat
Foto: EROSKI
Actualizado: viernes, 27 marzo 2015 13:28

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

   Eroski 2016ra begirako Plan Estrategikoaren bigarren zatia betetzen ari da, eta 2015eko lehen hiruhilekoan beste 12 denda eraldatu ditu 'Zurekin' eredu komertzial berrira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eredu hori hobeto egokitzen baita eroslearen beharrizanetara eta balioetara.

   Urte hasieran hasi ziren berrikuntzetan, eta janari freskoetan oinarritu dira. Hala, freskoak establezimendu berrien ardatz bihurtu dira, eta tokiko sasoiko produktuek garrantzi handia hartu dute. Supermerkatu eta hipermerkatu horiek berritzen bi milioi euro inbertitu dira.

   Freskoetan, nabarmentzekoa da saltoki batzuetan harategian saltzailea ipini izana. "'Zurekin' ereduaren lehentasunetako bat da kontsumitzaileari harreman pertsonalizatuagoa eskaintzea", adierazi du Carmen Guelbenzu Eroskiko Denda Formatu Berrien zuzendariak.

   Arreta pertsonalizatua pixkanaka garatuko da, eta kontsumitzaile bakoitzari egokitutako eskaintzak eta promozioak egiten hasiko da Eroski Klub txartel berriaren bitartez. Hain zuzen, kooperatibak EAEn egindako salmenten %85 txartela erabilita egiten dira.

   Urteko lehen hiruhilekoan sei denda egokitu ditu Eroskik Gipuzkoan 'Zurekin' eredu komertzial berrira; zehazki, Bergara, Elgoibar, Hernani eta Hondarribiko supermerkatuak, eta Tolosako supermerkatua eta hipermerkatua. Bizkaian, Barakaldo, Gurutzeta, Galdakao eta Markinako supermerkatuak eta Gernikako Eroski hipermerkatua egokitu dira, eta Araban, Gasteizko Ramiro Maeztu kaleko supermerkatua eta, iaztik, beste zazpi denda.