Eroskik unibertsitate campus batean kokatutako lehen supermerkatua inauguratu du

Aliprox Eroski EHUko Leioako campusean
Foto: EROSKI
Actualizado: miércoles, 12 febrero 2014 14:08

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

   Eroskik Aliprox supermerkatu frankiziatua inauguratu du gaur, otsailaren 12an, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Leioako campusean, unibertsitate campus batean ezartzen duen lehena, hain zuzen ere.

   Unibertsitate zerbitzu hau aitzindaria da estatuan, eta EHUren (erakunde lizitatzailea), Eroskiren (frankiziatzailea) eta Ikasi eta Erosiren (sozietate frankiziatua) apustu berritzailea da, unibertsitateko komunitate osoari campusean eskainitako zerbitzuak hobetzeko asmoa duena.

   Supermerkatua Liburutegi Nagusiaren eraikinean dago kokatua, kafetegiaren aldamenean, eta langileek zein ikasleek beren erosketak egin ahalko dituzte campusean, 08:00etatik 20:00etara, etenik gabe. Establezimendu berriak produktu freskoak, elikagaiak eta drogeriakoak eskainiko ditu eskola egun guztietan. Aliprox supermerkatu hau irekitzeak zuzeneko hiru lanpostu sortzea eragingo du.

   Lokala egokitzeko eta zerbitzua kudeatzeko kontratua 2013ko urrian esleitu zuen EHUk, lehiaketa publiko bidez eta 12 urterako; Ikasi eta Erosi 2013, S.L. sozietateak jaso zuen esleipena. Maria Elena Pazos Castro eta Jose Ignacio Erdaide Basterretxea ekintzaileek, Ikasi eta Erosiko bazkideak, Eroskiren babesa eta esperientzia jasoko dituzte, bezeroei zerbitzurik onena emateko.

   "Apustu aitzindari honen bidez, unibertsitate campusak inoiz eduki ez duen zerbitzu bat eskainiko du, langileek nahiz ikasleek eskola orduez kanpo egin beharreko eguneroko zereginak erraztuko dituena. Bezeroaren gertuko proposamena da, kontsumitzaileak erosketa azkarra eta oso erosoa egin baitezake", azaldu dute Maria Elena Pazos Castro eta Jose Ignacio Erdaide Basterretxea ekintzaileek.

   Halaber, Eroskiko supermerkatu frankiziatuetako zuzendari Enrique Martinezek adierazi duenez, "uneotan, arazo nagusia langabezia da gure inguruan, eta frankizia formula arrakastatsua da enplegua sortzeko". Iaz, 46 supermerkatu frankiziatu inauguratu zituen Eroskik, eta kopuru horren bikoitza aurreikusten du 2014rako, guztira 100 supermerkatu frankiziatu irekitzea, alegia.

   Leioako campuseko establezimenduak eskainiko dituen jakiak fruta, barazkiak, aurrez prestatutako entsaladak, zukuak, fruitu lehorrak eta jogurtak dira, "guztiak ere funtsezkoak dieta osasungarri bati heltzeko". Halaber, ogia egiteko labea izango du, eta aukera emango duena egunean egindako okindegiko produktuak eskaintzeko.