Errefuxiatuen harrera plana koordinatzeko lantaldea sortu du Jaurlaritzak

Actualizado: jueves, 3 septiembre 2015 18:43

GASTEIZ, 3 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzak lantalde bat sortu du, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiekin, Eudelekin eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalekin batera, milaka errefuxiaturen etorrerak Europan sorrarazitako krisiaren inguruko jarduera koordinatzeko. Bruselan irailaren 14ko bileran erabakiko den Europako politika zehaztu aurretik, egoeraren diagnostikoa egiteko helburua izango du lantaldeak, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak iragarri duenez.

   Zehazki, taldea erakundeotako ordezkariekin osatuko da: Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia eta Bake eta Bizikidetza Idazkaritzako Giza Eskubideen arloa; Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia; eta zuzenean eragindako Jaurlaritzako sailak: Justizia, Gizarte Politikak, Osasuna, Segurtasuna eta Ogasuna.

   Lantaldea dagoeneko jarri da harremanetan hiru foru aldundiekin, hiru hiriburuekin eta Eudelekin, balizko baterako jarduera plan bat koordinatzeko gaiaren inguruan. "Giza duintasunaren eta giza eskubideen defentsan jarduteko erantzukizuna eta konpromiso instituzionala partekatzen dugu", esan du Erkorekak.

   Gainera, Espainiako Gobernuarekin ere harremanetan jarri dela jakinarazi du, Estatu espainiarrak hartuko dituen jarrera eta konpromisoak ezagutzeko. "Beharrezkoa iruditzen zaigu Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoak eta errefuxiatuen arloan diharduten eragileak bilera batera deitzea. Guztiei eragiten digun gaia denez, ona litzateke jarrera adostu bat finkatzea Espainiako gobernuko presidentea hizpide dugun gaiari buruz egingo den Europako goi bilerara joan aurretik", azaldu du.

   Halaber, Euskadiren Ordezkaritzaren bitartez, Bruselan ere lanean ari da Jaurlaritzak Europan dauden errefuxiatuen egoeraren gaineko informazioa lortzeko eta Europako erakundeen jardunbidea ezagutzeko. Epe ertaineko esku hartzea beharko duen auzia dela esan du Erkorekak, eta, beraz, koordinazioa "beharrezkoa" dela, hala balizko harreraren antolaketan, nola pertsona horientzako laguntza materialean.

   "Europan ezagutu ditugun egoera dramatikoak Ekialde Hurbileko eta Afrikako herrialde askotan gertatzen ari denaren lagin txiki bat dira. Europan gertatzen ari denak kezkatu bezainbeste bultzatu behar gaitu ekintzara; gerran dauden herrialdeetan gertatukoaren adibide bat baizik ez da, terrorismoak jazarrita, milioika pertsona baitago zapalkuntza-arriskuan", adierazi du.

POLITIKA KOMUNA

   Jaurlaritzaren iritziz, Europak "politika komun eta integratu batekin egin behar dio aurre egoera honi". "Larrialdi humanitarioari modu kolektiboan eman behar zaio arreta, arazoa konpontzeko lan eginez jatorrizko herrialdeetan ere -gbaineratu du-. Europak elkartasuna eta herrialde horien garapenerako laguntza uztartu behar ditu".

   Azkenik, Siria, Pakistan, Iran, Irak eta abarretako gatazkak konpontzeko prozesuak abiarazi ezean, ohartarazu du Europak egungoaren bezalako egoerei egin beharko diela aurre hurrengo hamarkadatan. "Euskadi herrialde solidarioa da. Prest gaude errefuxiatuei harrera egiteko eta, zalantzarik gabe, larrialdi eta hondamendi humanitario honi tamainako erantzuna emango diogu", ziurtatu du.