Erregistro Zibilak ez pribatizatzeko Espainiako Gobernuaren erabakia "pozez" hartu du Jaurlaritzak

Josu Erkoreka
Foto: IREKIA
Actualizado: viernes, 15 mayo 2015 13:28

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Justizia eta Herri Administrazioko sailburu Josu Erkorekak adierazi du Jaurlaritzak "pozez" hartu duela Erregistro Zibilen pribatizazioa geldiarazteko eta bertan behera uzteko Espainiako Gobernuak harturiko erabakia.

   Ildo horretan, Erkorekak nabarmendu du ez zegoela adostasunik ez erregistroen arloan, ez epaileen artean, ez autonomia erkidegoetan, ezta aldaketaren hartzaile izan behar ziren erregistratzaileen artean ere. Horrenbestez, "onena atzera egitea zen", Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren ustez.

   Bizkaiko Abokatuen Elkargoan egiten ari diren Europako Abokatu Elkargoen Federazioko Biltzar Nagusiaren inaugurazioan izan da Erkoreka, eta han egin ditu adierazpenak. Erkorekaren arabera, Erregistro Zibilaren lana Merkataritza Erregistroari agintzeak "ez zuen ez hanka, ez buru".

   Halaber, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak arlo judizialean utzi nahi dituela Erregistro Zibilak, idazkari judizialen ardurapean.