Errekalde-Añorga bikoizketako trenbideko bidezubi berria ezarriko da asteburu honetan Añorga Txikin

Actualizado: miércoles, 12 enero 2011 18:13

DONOSTIA, 12 Ene. (EUROPA PRESS) -

Donostialdeko Metroa izango denaren Añorga-Errekalde zatia bikoizteko lanak aurreikusiriko epeen arabera doaz aurrera. Horrela, abenduaren amaieran gertatu zen tunelaren bat egitearen ondoren, asteburu honetan GI-21 errepidea (lehengo N-1) zeharkatuko duen bidezubia instalatuko da, Añorga Txikiko biribilgunearen parean, Euskal Trenbide Sareko (ETS) iturriek jakinarazi dutenez.

Altzairu herdoilezinezko egitura instalatzeko lanak hiru egunez luzatuko dira gutxienez, eta epe horretan ezinbestekoa izango da errepidea moztea, era partzialean edo osorik, une bakoitzeko beharren arabera, beti ere segurtasuna bermatzeko, maniobrak egiten ari diren langileen, zein beraien ibilgailuekin errepide horretatik zirkulatzen ari diren pertsonen segurtasuna bermatzeko, alegia.

Erabaki hori, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailaren esku dagoen ETS erakunde publikoko zuzendaritzak hartu du, bide zubia oso handia delako -46 metro- eta operazioa arriskutsua izan daitekeelako.

Lanak urtarrilaren 14ko 00:00etan hasi eta urtarrilaren 17ko 6:00etan amaituko dira. Bi erreien erabateko mozketa urtarrilaren 14ko 14:00etatik aurrera egingo da. Une horretatik aurrera garabiak eta kontra-pisuak jarriko dira, aurretik egin beharreko seinaleztapen lanez gain. Bidezubiaren altxatzea urtarrilaren 15eko 00:00etan hasiko da, eta hiru ordu inguru iraungo ditu. Bidezubia jaso ondoren, enkofratu galduko geruzak jarriko dira oholtza egongo den tokian, eta baita beste zenbait elementu ere.

Aurreikuspenen arabera, urtarrilaren 17ko goizeko lehen orduan seinaleztapen guztia kenduta egongo da eta igarotzea normalizaturik egongo da bi noranzkoetan.

Añorga-Errekalde (2,1 kilometro) zatia bikoizteko lanek 29 milioi euroko aurrekontua dute (BEZ barne) eta lan horien barruan geltoki berria eraikiko da Añorga auzoan eta bi trenbide-pasagune kenduko dira.