Errenteriako Musika Banda eta Daniel Moro dira XV. EHU-Donostiako Orfeoia Sariaren irabazleak

Actualizado: martes, 1 marzo 2016 16:06

DONOSTIA, 1 (EUROPA PRESS)

   EMKE Errenteriako Musika Banda eta Daniel Moro Vallina ikertzailea dira aurtengo Donostiako Orfeoia-EHU Sariaren irabazleak. Gainera, epaimahaiak Mercedes Albaina ikertzaileari accesit bat ematea erabaki du. Sariketak hamabosgarren urtea du aurtengoa, eta bi helburu ditu: musika sorkuntzaren ibilbide profesionala aitortzea eta musikaren arloko ikerkuntza sustatzea.

   Donostiako Orfeoiaren eta EHUren arteko hitzarmenaren jarraipen batzordeko kideek osaturiko epaimahaiak EMKE Errenteriako Musika Bandari eman dio saria, musikaren munduan egindako lan handiagatik. Bestalde, Musikologian doktore Daniel Moro Vallinari eman dio musika ikerketaren saria, "El compositor Carmelo Bernaola (1929-2002). Contextualización y análisis de su obra en la vanguardia musical española" doktorego tesia dela eta.

   Horrez gain, Mercedes Albaina ikertzaile bizkaitarrari accesit bat eman diote, "Ocio formativo musical. Análisis de iniciativas en los programas universitarios para mayores y en las orquestas sinfónicas de España" doktorego tesiagatik.

   Sariak martxoaren 11n banatuko dituzte, 19:00etan, EHUko Ignacio Maria Barriola Zentroko entzunaretoan, Donostian. Ekitaldi akademiko horretan izango dira Donostiako Orfeoiaren zuzendari Jose Maria Etxarri eta EHUko Gipuzkoako campuseko errektoreorde Ana Arrieta. Ekitaldia amaitzean, Donostiako Orfeoiak jendaurreko kontzertua joko du, bere errepertorio tradizionaleko kantekin.