Errepideetako telekomunikazio sarea hobetzen jarraitzeko inbertsioa onartu du Gipuzkoako Aldundiak

Actualizado: martes, 13 octubre 2015 18:13

DONOSTIA, 13 Oct. (EUROPA PRESS) -

A-15 errepidean telekomunikazio sarea egiteko proiektua onartu du astearte honetan Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak, Belabietako kontrol gunetik hirugarren balaztatze punturaino. Aurrekontua 363.579,90 eurokoa izango da, gehi BEZari dagokiona -76.351,78 euro-, eta lanek bederatzi hilabete iraungo dute.

Imanol Lasa foru erakundeko bozeramaileak azaldu duenez, zuntz optikoaren instalazioa osatzen jarraitzea ahalbidetuko dute obrek. Azpiegitura hori oinarrizkoa eta derrigorrezkoa da garraiobidearen sistema adimentsuak ezartzeko, horien bidez, errepideen kudeaketa "aurreratuena" egin daitekeelako.

Zuntz optikoa jartzeko lanak orain bi legealdi hasi ziren, Miramongo Mugikortasunaren Kudeaketarako Zentroa egin zenean, 2010ean. Bertan zentralizatzen da Gipuzkoako errepideen kudeaketa. GI-41 eta A-15 errepideetatik barrena hasi zen, zentroarekiko konexioa barne hartuta, Martindegiko lotuneraino.

Orobat, Hernaniko saihesbidea bikoiztu ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundia kanalizazioak eta zuntz optikoa ditu Zorroagako tuneletik Andoainen N-1eko errepideko loturaraino, Etzegaratetik Idiazabaleraino, eta Beasaindik Zaldumendiko ordainlekuraino (AP-1, Bergara). Azkenik, 2013. urtean telekomunikazio sarea egin zen A-15 autobiako hirugarren balaztatze gunetik N-1 errepideko Andoaingo lotuneraino.

Bestalde, Diputatuen Kontseiluak oniritzia eman dio Aberastasunaren eta Fortuna Handien Zergaren erreforma partzialari. Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza zuzendariak Batzar Nagusietan egindako agerraldian iragarri zuen erreforma duela zenbait aste. Horren bitartez, "jarduera ekonomikoa sustatzea, justizia tributario horizontalaren arloan hobera egitea, eta lurralde historikoen arteko harmonizazio fiskalerantz pausoak ematen jarraitzea" da helburua. Batzar Nagusietan erreforma eztabaidatu eta onartzeko tramiteak hasiko dira orain.

Bilkura berean, baimena eman zaio Horizontal Red Preferente aldi baterako enpresa batasunari, Ferroser Infraestructuras-i laga diezaion Aldundiaren lehentasun sareko errepideetan seinale horizontalak jartzeko kontratua. 2013ko irailean esleitu zen kontratua, 620.435,28 euroko gehienezko kopuruan, eta lana burutzeko epea 24 hilabetekoa da, beste 24 hilabetez luza daitekeena.

Halaber, Juan Ignacio Ugartemendia izendatzea onartu du Diputatuen Kontseiluak, Euskadiko Autonomia Estatutuak 39. Artikuluan aurreikusten duen Ebazpen Batzordean Gipuzkoako Lurralde Historikoko ordezkari gisa.

Azkenik, 'Talleres Ocupacionales' bezala ezaguna den eraikinaren erabilera lagapenaren baldintzak aldatzea erabaki da, bertan Oinarrizko Lanbide Prestakuntzako zikloak eskaini ahal izateko, heziketa arloan izan den lege aldaketara egokituz. Donostiako Udalak kudeatzen du eraikina.