Erresuma Batuak interesa agertu du Lanbidek eskaintzen duen prestakuntza ereduari dagokionez

Lanbidek interesa piztu du Erresuma Batuan
Europa Press
Actualizado: martes, 20 septiembre 2011 18:57

BILBO, 20 Sep. (EUROPA PRESS) -

Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak lan-merkatuari eta prestakuntzako eta enpleguko eredu berriei buruzko Erresuma Batua-Espainia alde biko mintegian parte hartuko du bihar, irailaren 21ean. Erresuma Batuak interesa agertu du Lanbide Enplegurako Euskal Zerbitzuaren funtzionamenduari dagokionez eta, bereziki, prestakuntzarekin eta orientazioarekin loturiko berrikuntzei dagokienez. Horregatik, Zabaleta gonbidatu dute Lanbideren berezitasunak azal ditzan.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak jakinarazi duenez, mintegia Madrilgo enbaxada britainiarrean izango da eta bi zati izango ditu. Lehen zatian, lan-merkatuaren berrikuntzak aztertuko dira ikuspegi britainiarretik begiratuta eta, bigarrenean, ikuspegi espainiarretik begiratuta. Zabaletak Lanbideren ezaugarriak aurkeztuko ditu; Lanbideren osaera hiru alderdikoa eta paritarioa da eta Administrazio Kontseiluan sindikatuak, Confebask eta autonomia-erkidegoko administrazioa ordezkatuta daude.

Lanbideren zerbitzu-eredua hiru printzipiotan oinarritzen da: erantzunkidetasuna, politika aktiboen eta prestazio edo politika pasiboen arteko lotura, eta arreta pertsonalizatua pertsona eta enpresei.

Lanbideren ezaugarrietako bat orientazio-sistema da, hurbiltasunean eta arreta pertsonalizatuan oinarritutako eredua baita, eta 70 orientatzailetik 245 orientatzailera (horietatik 115 egiaztatutako 53 zentro laguntzaileetan banatuta) igaro da. Orientazio-zerbitzuak enplegagarritasun-profil indibidualizatua osatuko die 62.000 eskatzaileri 2012ko apirilerako; horrek esan nahi du gutxienez 367.500 ordu emango dituztela arreta profesional indibidualizaturako.

Pertsonak aktibatzeko ezinbesteko beste tresna bat prestakuntza da. Eusko Jaurlaritzak prestakuntzan duen erronketako bat baterako lana da eta Enplegu Saila eta Hezkuntza Saila ari dira, dagoeneko, batera lan egiten lanbide-heziketako hiru sistemak (arautua, lanerakoa eta etengabea) integratzeko; beste erronka prestakuntza ziurtagarrian (profesionaltasun-ziurtagiriak) inbertsioa egitea da, baita prestakuntza ez formala ere (ziurtatu gabeko okupazio berriak eta premia bereziak dituztenentzako prestakuntza).

Lanbidek honako inbertsio hauek egingo ditu 2011n prestakuntza-arloan: 50,3 milioi euro langabeei, bereziki, bideratuta (gutxi gorabehera, 20.000 lagun), eta 28 milioi euro aktibo dauden langileen etengabeko prestakuntzan.