Errusiar hizkuntza, historia eta literaturari buruz ikastaro bat izango da EHUko Gipuzkoako campusean urritik abendura

Actualizado: lunes, 29 septiembre 2014 16:59

DONOSTIA, 29 Sep. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gipuzkoako campuseko Kulturgunea "Errusiar hizkuntza, historia eta literatura" ikastaroa eskainiko du bere udazkeneko eskaintzaren baitan. EHUko ikasleek ez ezik, interesa duen unibertsitatetik kanpoko jendeak ere parte hartu ahal izango du. Ikastaroak 25 ordu iraungo, eta urriaren 7an hasi eta abenduaren 12an bukatuko da (astearte eta ostegunetan 17:00etatik 18:15era).

Antolatzaileek azaldu dutenez, ikastaroaren asmoa da Errusiara hurbilpen kultural bat egitea, bi ardatz landuz: batetik, hizkuntzaren oinarriak azalduko dira, helburua izanik hizkuntza hau ikasteko interesa piztea; eta bestetik, historiaren errepaso bat eginen da literaturaren laguntzarekin. Errusiaren bilakaera kulturala ezagutuz, gaur eguneko egoera ulertzeko oinarri bat eskaini nahi da.

Ikastaroa Aroa Huartek gidatuko du. Arte Ederretan lizentziatua, Errumaniako Erasmus egonaldian piztu zitzaion hizkuntzekiko eta ekialdeko Europako herrialdeekiko interesa, eta horrek eraman zuen Bartzelonara Eslaviar Filologia ikastera. Errusiar hizkuntzan espezializatu da. Lehenik Moskuko Estatu Unibertsitatean urte erdiz aritu zen ikasketak osatzen eta gero San Petesburgoko Estatu Unibertsitatean masterra egin zuen.