Ertzaintza arduratuko da larrialdi eta segurtasun dispositiboaren koordinazioaz, igandean Bilbon gabarra ateratzen bada

Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 25 mayo 2012 12:33

BILBO 25 May. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak koordinatuko du larrialdiei aurre egiteko segurtasun dispositiboa, Athleticek Kopa irabaziz gero igandean Bilbon gabarra ateratzen bada.

Ibilbide osoan aintzat hartu beharreko segurtasun irizpideak ezarri ditu dispositiboak, eta planean, Bilbo, Getxo, Santurtzi, Portugalete, Sestao, Barakaldo, Erandio eta Leioako udalek hartuko dute parte, baita Athletic Club taldeak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Itsas Kapitaintzak, Euskadiko Itsasbazter Mugaketak, Itsasoko Salbamenduak, Trafiko Zuzendaritzak, Osakidetzako Larrialdiak, DYAk eta Gurutze Gorriak ere.

Herrizaingo Sailak hala eskatuta, ostiral honetan bildu dira inplikatutako erakundeak, eta bertan organismo horien larrialdi planak partekatu dituzte; horrez gain, itsasadarra mozteko balizko puntu kritikoekin lotutako alderdiak aztertu dituzte.

Herrizaingo Sailaren arabera, aurrekariak ikusita, eta bereziki Bizkaian piztu den arreta izugarria aintzat hartuta, gabarra ateratzen bada jendetzaren bertaratzea masiboa izango da, eta baliteke 500.000 pertsona baino gehiago elkartzea.

Horregatik, Administrazioak, larrialdiei aurre egin eta prebenitzeari dagokionez dituen erantzukizunak betez, administrazioen artean koordinatzeko protokoloa jarri du martxan, ekitaldia beharrezko segurtasun testuinguruan ospa dadin, Larrialdiei Aurre egiteko Euskal Sistemaren markoan.

Contenido patrocinado