Ertzaintzak bulego higikorren bitartez indartu du bere presentzia hondartzetan eta urtegietan

Actualizado: lunes, 1 agosto 2011 16:14


BILBO, 1 Ago. (EUROPA PRESS) -

Gaurtik aurrera, abuztuak 1, Ertzaintzak segurtasun plan berezia abiatuko du hondartzetan eta jendetza handiak biltzen diren barrualdeko aisialdi guneetan. Hiritarren Segurtasunerako dibisioko agenteek Ertzaintzaren presentzia indartuko dute Bizkaia eta Gipuzkoako hamahiru hondartzatan eta Arabako bainu gune diren Garaio eta Landan, baita azken herrialde honetako beste udalerri batzuetan ere. Zerbitzu hauek baldintza klimatologikoen zein ustekabeko jazoeren premiazko arretaren arabera emango dira, hain zuzen ere.

Kostaldean agente kopurua areagotuko da hondartzen inguruan eta gune hauetan Hiritarren Arretarako Unitate Ibiltaria (HAUI) eta Hiritarren Segurtasuneko bigarren patruila gehituko dira, gainera. Unitate ibiltariari dagokionez, batzuetan egunero egongo da eta besteetan, aldiz, txandakako egunetan, hau da, egun baten bai eta bestean ez.

Ertzaintzari dagozkion gaietan herritarrei berehalako arreta ematean datza bulego higikorraren zeregin nagusia: salaketa errazak izapidetu, hala nola, diru-zorroen eta dokumentazioaren lapurreta edota bestelako delitu txikiak. Era berean, ertzain-etxeek eskaintzen dituzten zerbitzuen berri emango dute agenteek.

HAUI autoen eta patruilen presentziak disuasioan lagunduko dute, izan ere, poliziaren presentziak berak delitu eta hutsegiteen kopurua murriztean lagundu behar du.

Bizkaian honako aisialdi gune hauetan abiatu da plan berezia: Arena, Zierbena, Laida, Laga, Sukarrieta, San Antonio, Karraspio, Ereaga eta Barinete aparkalekua.

Gipuzkoari dagokionez, berriz, honako gune hauek izango dira bulego higikorren eta patruilen bitartezindartuko direnak : Kontxa, Deba, Zumaia eta Hondarribia.

Era berean, Helikoptero Unitateko eta Itsaso Unitateko kideak prest egongo dira edozein gertaeraren aurrean behar bezalako erantzuna eman ahal izateko. Gainera, aipatzekoa da larrialdietarako 112 telefonoa erabilgarri egongo dela.