Eskalada, mendi lasterketa eta argazkilaritza ikastaroak eskainiko ditu Bilbao Mendi Film Festivalek

Piugaz eskalada zentroan egingo da eskalada ikastaroa
Foto: MENDI FILM FESTIVAL
Actualizado: lunes, 26 octubre 2015 13:20

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

   Bilbao Mendi Film Festival jaialdiak tailerren eskaintza handituko du aurtengo edizioan eta hiru ikastaro berri antolatuko ditu: eskaladari lotutako bat, mendi lasterketei buruzko bat eta argazkilaritzaren inguruko beste bat. Jaialdiaren zortzigarren edizioa abenduaren 11tik 20ra bitartean ospatuko da.

   Horrela, eskaladako patologiei eta entrenamendu metodoei buruzko ikastaroa jaialdiaren lehen asteburuan egingo da, abenduaren 12an eta 13an, Bilboko Piugaz eskalada zentroan eta Zabalgune Eraikinean, plaza mugatuekin. 245 euroko prezioa izango du, baina urriaren 31 baino lehen izena ematen dutenentzat 195 eurotan geratuko da.

   Antolatzaileek adierazi dutenez, ikerketa batzuen arabera, gutxi gorabehera eskalatzaileen %80k eskaladaren praktikarekin lotutako lesioren bat izan du noizbait, eskuetan ukondoetan edo sorbaldan. Arazo hauek aintzat hartuta, Bilbao Mendi Film Festivalek mota honetako patologiak diagnostikatzen, aurreikusten eta tratatzen lagunduko duen tailerra antolatu du.

   Ikastaroak eskalatzaileen patologien diagnostiko, prebentzio eta tratamenduari buruzko klase teoriko eta praktikoak eta entrenamenduei buruzkoak izango ditu. Bi aldeak, bai teoria eta bai praktika, ospe handiko profesionalek eskainiko dituzte, hala nola Patxi Usobiaga eskalatzaileak, Victor Galan eta Adrian Cuellar kirurgialariek, Andoni Ormazabal fisioterapeutak, Ioritz Gonzalez biologoak eta Xeber Iruretagoiena Jarduera Fisikoan eta Kirolaren Zientzietan graduatuak.

   Eskalada maite duten pertsonei eta lesioak aurreikusi eta tratatzeko teoria eta entrenamendu teknikak eta metodoak ikusi eta ikasi nahi dituzten prestatzaile fisiko eta entrenatzaileei zuzenduta dago ikastaroa, bai eta fisioterapeuta profesionalei eta osasunaren esparruan lan egiten dutenei eta mota honetako gaitzen diagnostiko eta tratamenduan sakondu nahi dutenei ere.

   Bestalde, "Entrenamendu eta teknika mendi lasterketetan" izeneko ikastaroa Bilboko Aterpetxean egingo da, abenduaren 19an eta 20an. Jokin Lizeaga Heziketa Fisikoan lizentziatu, prestatzaile fisiko, mendi lasterketetan aditu eta Mendi Lasterketetako Euskal Selekzioko eta Ternua taldeko kideak gidatuko du.

   Mendi lasterketak gogoko dituzten eta mota honetako probetan euren teknikak eta ezagutzak hobetu nahi dituzten kirolariei zuzenduta dago. "Ikastaroa ezin hobea da mendi lasterketetan hasi edo mendi lasterketak hobeto ezagutu nahi dituzten errepideko korrikalarientzat", adierazi dute antolatzaileek.

   Ikastaroak 25 parte hartzaile izango ditu gehienez, eta 235 euro balio du ostatuarekin eta 200 euro ostaturik gabe. Urriaren 31 baino lehen izena ematen duten parte hartzaileentzat prezioa 200 euro izango da ostatuarekin eta 165 euro ostatu barik.

ARGAZKILARITZA

   Azkenik, V. Mendi Argazkilaritza Mendiklik Tailerra Bilbao Mendi Film Festival jaialdieko bigarren asteburuan egingo da, abenduaren 19an eta 20an, Bilboko Zabalgune Eraikinean. Ingurumenean argazkilariek eskura izan ditzaketen baliabide teknikoak ezagutzea eta eguneratzea izango da tailerraren helburua, ikusmenerako boteretsuak diren irudi interesgarriak lortzeko.

   Filtroen erabilpena, formatu panoramikoak eta Barruti Dinamiko Altuko (HDR) irudiak lortzeko hainbat teknika landuko dira, eta konposizio grafikoa eta lan eremuan argiaren kudeaketa nola egin behar den erakutsiko da.

   Argazkilaritza, mendia eta natura gustuko dituzten pertsonei zuzenduta dago, bai eta paisaia eta mendi argazkilaritzako teknika espezifikoak ikasi nahi dituztenei ere. Parte hartzaileei argazkilaritzako oinarrizko ezagutzak izatea gomendatzen zaie.

   Santi Yaniz argazkilari eta kazetariak zuzenduko du ikastaroa. Yanizek hainbat argitalpen jantzi ditu irudiz: gaikako bilduma ugari eta prentsa orokorreko lanak. Gainera, tailerrak Imanol Marrodan argazkilari eta artistaren "Anboto: Una línea de aire" lanaren hitzaldia hartuko du barne.

   Mendiklik ikastaroak 15 parte hartzaile izango ditu gehienez, eta 125 euroko prezioa edukiko duen arren, 99 eurotan geratuko da urriaren 31 baino lehen izena ematen dutenentzat.