Eskena Euskadiko Produkzio Eszenikoen Enpresa Elkartuak bere 15. urtemuga ospatuko du otsailaren 9an Zornotzan

Actualizado: domingo, 6 febrero 2011 11:42

BILBO, 6 Feb. (EUROPA PRESS) -

Eskena Euskadiko Produkzio Eszenikoen Enpresa Elkartuak bere jardueraren lehen 15 urteak ospatuko ditu. Zornotzan (Bizkaia) otsailaren 9an ospatuko den ekitaldian, elkarteak egindako ibilbidea gogoratu eta Eskena sortu eta orain arte izandako bultzatzaileen ekimena goraipatuko da.

Elkarteko iturriek jakinarazi dutenez, 24 antzerki konpainia eta ekoizle biltzen ditu Eskenak, eta bere zeregin nagusia ikuskizunen mundua egituratu eta agertokiko sorkuntza garatzeko baldintzarik onenak bilatzea da.

Eskena 1995ean sortu zen konpainiarik dinamikoenen eta profesionalen ekimenari esker. Elkarteak arte eszenikoak sustatzeko helburua du oinarri eta xede hori gauzatzeko hainbat ekimen burutzen ditu sektoreko enpresen garapena bultzatzeko, hala nola erakundeekin eta arloko gainerako eragileekin etengabeko harremana ahalbidetzea, afiliatuen interesak ordezkatzea, babestea eta sustatzea eta, azkenik, afiliatutako kideen arteko elkartasuna sustatzea. 12 konpainia eta ekoizle izan baziren Eskena sortu zuten enpresak, gaur egun kopuru hori bikoiztu eta 24 dira afiliatutakoak.

Eskenaren sorreraren 15. urteurrena gogoratzeko, ospakizun ekitaldia antolatu dute elkarteko kideek. Saioa Zornotzako Zelaieta Kulturgunean izango da, herri horretan baitu egoitza 1999. urtetik, nahiz eta hemendik gutxira Bilboko Harrobia zentrora joango den.

Ekitaldira hainbat kultur ordezkari izan dira gonbidatuak, besteak beste, Eusko Jaurlaritzakoak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundietakoak, Zornotzako Udalekoak, Euskadiko Antzoki Sarekoak, sektoreko eragileak eta konpainien ordezkariak.

Ados Teatroa, Agerre Teatroa, Ez dok hiru-Bikoteatroa, Gaitzerdi Teatroa, Golden Apple Quartet, Gorakada, Hika Teatroa, Hortzmuga, Julio Perugorria, K Producciones, Kanpingags, Kukubiltxo, Maskarada, Panta Rhei Antzerkia, Pikor Teatro, Porpol Teatro, Simulacro Teatro, Tanttaka, Taun-Taun, Teatro Paraíso, Tentazioa, Traspasos, Txalo eta

Vaiven konpainia eta ekoizleek osatzen dute gaur egun Eskena.