Eskenak euskal sorkuntza eszenikoa nazioarteko bihurtzea bultzatzeko jardunaldia egingo du ostiralean Bilbon

Actualizado: jueves, 15 diciembre 2011 18:17

BILBO, 15 Dic. (EUROPA PRESS) -

Eskena Euskadiko Produkzio Eszenikoen Enpresa Elkartuak saio informatibo bat egingo du ostiral honetan, abenduaren 16an, Euskal Eszena Nazioarteko Bihurtzea Sustatzeko Planaren barne antolatutako ekimenen artean. Bilboko Harrobia Ekoizpen Eszenikorako Berrikuntza Zentroan izango den jardunaldian burututako bi egitasmoren berri emango da: 2016ko Europako Hiriburu Kulturalarena eta Ipar Euskal Herriko hainbat udalerritan burutzen dutena. Ekitaldietako partaideek Europar Batasunak bultzatu edo lagundutako egitasmoen berri ere izango dute.

Euskal sorkuntza eszenikoaren kanpo sustapena indartzeko asmoz sortutako egitasmo honek, iragan irailean burututako 'Nazioarteko bihurtzeko tailerrak' eta 2010ean zehar antolatutako ekimenei jarraipena emango die. Horrelako jardunaldiekin, antzerki eta dantza sorkuntzak Euskaditik eta Espainiatik kanpo hedatzeko ezagupen eta teknika desberdinak eskaintzen zaizkie partaideei, Eskenako arduradunek jakinarazi dutenez.

Saio informatibo honetara gonbidatuak daude Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) zein Espainiako antzerki konpainietako, ADDE Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteko eta Artekale Kale Arteen Elkarteko kideak, Euskal Aktoreen Batasunako bazkideak, Eusko Jaurlaritza edo arte eszenikoekin zerikusia duten artista eta kudeatzaileak.

Prestatutako ekitaldiak goizeko 10:00etan hasiko dira, Mikel Toral Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustapenerako zuzendariak eta Amaia Ibañez Eskenako gerenteak egingo duten aurkezpenarekin. Jarraian, hastapeneko hitzaldiari ekingo dio Camila de Epalza Azqueta Europar Batasunean Euskadiko Ordezkaritzako teknikariak, "Europar Batasunean Euskadiko Ordezkaritzaren eginkizun eta zereginak" izenburupean.

Bigarren hitzaldia goizeko 11:00etan hasiko da, eta Eva Salaberria Artano Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburu izateko Hautagaitzaren koordinatzaile-kudeatzaileak eskainiko du, "Donostia-San Sebastián 2016ko Europako Kultur Hiriburua; Egindako bidea, gaur egungo egoera eta egitasmoa indarrean izango diren urteetako aurre ikusitako egitasmoak" izenburupean.

Etenaldi baten ondoren, non partaideak Harrobian eskaintzen diren baliabideak ezagutzeko aukera izango duten, iragarritako azken solasaldia hasiko da. Hitzaldia Helene Bourghignon Ipar Euskal Herriko Hegoaldeko Udalerrien Mankomunitateko (Communauté des Communes Sud Pays Basque) Kultura arduradunak emango du, eta jorratuko duen gaia "Arte eszenikoen sorkuntza garaikidearen inguruko sentsibilizazio eta bultzatzeko egitasmoa" izango da.